argia.eus
INPRIMATU
EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek agerraldi sorta eskatu dute "euskal espetxe eredua diseinatzen hasteko"
  • EAEn garatu beharreko kartzela sistemaz hausnartu beharra dagoela uste dute bi alderdiek espetxeen transferentzia gauzatu aurretik. Horretarako agerraldi sorta bat eskatu dute Eusko Legebiltzarrean

Andoni Mikelarena @andonimik 2017ko urriaren 24a
Arg.: Juanan Ruiz / Argazki Press

Lan eta Justizia Batzordean Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan ezarri beharreko kartzela sistemaz hausnartzeko, agerraldi sorta bat eskatu dute EH Bildu eta Elkarrekin Podemosek. Aurrez gai horren inguruan batzorde berezi bat osatzeko eskatu zuten bi taldeek baina EAJ, PSE eta PPren botoekin atzera bota zuten proposamena.

Hala ere, batzorde berezia sortu gabe ere helburua bete nahi dute orain sektoreko arduradun eta adituen agerraldiekin, modu horretan posible izango delakoan euskal espetxeen egungo egoera ezagutzea, aldatu beharreko elementuak detektatzea eta neurriak eta lehentasunak zehaztea, “betiere giza eskubideen errespetuan oinarritutako espetxe eredu propioa diseinatu eta garatu ahal izateko”.

Kartzela eredu propio baten diseinuarekin zerikusia duten arlo guztiak landuko dituzte, hau da, eskumen arloa, kartzela politikaren egikaritzea, osasuna, familia, emakumeak eta adingabeak. Horretarako, ondorengo agerraldiak eskatu dituzte, besteak beste: Lakuako Lan eta Justizia sailburua, kartzela osasunaren arduraduna eta kartzela hezkuntzaren arduraduna, Kataluniako Justizia sailburua, Arartekoa, Kataluniako Sindikoa (herri defendatzailea), espetxe zaintzarako epaileak, Bizkaiko Abokatuen Elkargoko kartzela batzordea, Euskal Kriminologia Institutua, Zaballako kartzelako zuzendaria, Gurutze Gorria, Sida Alava, Etxerat, Salhaketa, Cassandra kolektiboa eta hiru foru aldundien gizarte politiketako sailak.