argia.eus
INPRIMATU
Irregulartasunak
EH Bilduk ere Sagarduiren dimisioa eskatu du: “Ezin du minutu bat bera gehiago egon karguan”
  • Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuaren eta Osakidetzako zuzendari Rosa Pérezen dimisioa eskatu du EH Bilduk, Bilboko Basurtuko eta Santa Marina ospitaleetako txertaketa kasu irregularren harira "informazioa ezkutatu eta gezurretan aritzeagatik". Elkarrekin Ahal Duguk ere sailburua "albo batera" geratu beharko litzatekeela azaldu du.

ARGIA @argia 2021eko urtarrilaren 28a

Gotzone Sagardui sailburuaren azalpenak ez ditu konbentzitu Eusko Legebiltzarreko oposizioko taldeak eta EH Bilduk bere dimisioa eskatu du: "Sinestezina da gertatu dena, gogorra eta tristea. Sagarduik informazioa ezkutatu digu, gezurra esan digu; txertoekin izugarrizko deskontrola egon da", azaldu du Rebeka Ubera koalizio abertzaleko legebiltzarkideak. "Ardura Osakidetzako eta erakunde sanitarioetako zuzendariengan kanporatzen saiatu da. Herritarrek kofidantza behar dute eta sailburuak konfidantza hori hautsi egin du eta Osakidetzaren irudia larriki zikindu. Osasun sailburuak eta osakidetzako zuzendariak dimititu egin behar dute, ezin dira minutu bat gehiago euren karguan geratu".

Elkarrekin-Podemoseko Miren Gorrotxategik ere zentzu horretan hitz egin du, esanez sailburua "albo batera geratu beharko litzatekeela "sinesgarritasunik" ez duelako. PPko Laura Garridok ere sailburua eta Osakidetzako zuzendaria "innahibilitatuta" geratu direla uste du.

Hain justu, ostegun honetan El Correo egunkariak Santa Marina ospitaleko kudeatzaile José Luis Sabasen eta Sagarduiren arteko Whatsapp elkarrizketa argitaratu du. Bertan, Sabasek sailburuari esaten dio "pertsonal osoa" txertatuko dutela, eta egindakoan ere hala berresten dio Osakidetzako zuzendariari, "Zuzendaritzakoak ere bai?" galdetzen dio honek, erantzuna: "Bai".

Ika-mika horretan, Bigen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak adierazi du Sagarduik Iñigo Urkullu lehendakariaren eta bere exekutiboaren eta EAJren "babes osoa" duela.