argia.eus
INPRIMATU
EH Bilduk, Elkarrekin Podemosek eta PPk eskola-jantokien kasuaren irizpena onartuko dute
  • Asteartean onartuko da Larraitz Ugarte EH Bilduko parlamentariak egin duen irizpena. PPk astelehenean adierazi zuenez, Elkarrekin Podemosek irizpenari eginiko emendakinak onartuko ditu; aurrera egingo du, beraz, eskola-jantokien kudeaketa txarraren inguruko irizpenak.

IƱaut Gonzalez de Matauko Rada @inautogdm 2019ko ekainaren 25
Larraitz Ugarte EH Bilduko parlamentaria saio batean hitz egiten.

Alderdi Popularreko Borja Semperrek astelehenean adierazi zuenez, bere alderdiak onartu egingo du eskola-jantokien kasuaren inguruan egon litezkeen ardura politikoak argitzeko sorturiko ikerketa-batzordeak (EH Bilduko Larraitz Ugarte da batzorde horren lehendakaria) argitaraturiko txostena. Elkarrekin Podemosek, gainera, emendakin bat gehitu zion irizpenari, non eskola-jantokien kudeaketa txarrak eragin duen gehiegizko kostua kalkulatu duten: 70,8 eta 80,2 milioi euro artekoa.

Semperrek esan duenez, ardura politikoak daudela argi geratu da, eta Elkarrekin Podemosen lan ona berrestu du: “Becerra parlamentariak (Elkarrekin Podemos) eginiko analisia zentzuzkoa dela iruditzen zaigu. Gure onarpena merezi duen lan sakona da”.

Halaber, Becerrak EITBko Boulevard programan adierazi duenaren arabera, gobernuak “ez du ezer egin” jantokiekin galdutako dirua berreskuratzeko. Maddalen Iriarte EH Bilduko bozeramaileak Onda Vasca irratian talde guztiek gobernuaren kudeaketa okerra salatu dutela esan du, eta EAJ eta PSEren azken orduko erreakzioa umeen “amorrualdia” eta “asmatutako haserrealdia” iruditu zaiola azpimarratu du.

Larraitz Ugarte ikerketa-batzorde honen lehendakariak, berriz, EAJk berak eskola-jangelen kasuan “gaizki jardun zuela” onartu duela adierazi du Faktoria programan.