argia.eus
INPRIMATU
EH Bilduk “Covid tasa” proposatu du enpresariei eta ondare handiei ezartzeko
  • Pandemiak eragindako krisiari aurre egiteko 2020ko aurrekontuak moldatzea proposatu du EH Bilduk. Larrialdi plan horren barnean aurkeztu du “Covid tasa”, diru-kantitate handienak mugitzen dituzten enpresari eta norbanakoei ezartzeko.

ARGIA @argia 2020ko maiatzaren 14a
Maddalen Iriarte, EH BIlduko bozeramailea Gasteizko Legebiltzarrean. Argazkia: EITB..

Krisitik “elkarrekin irtetzeko” asmoa azaldu du Maddalen Iriarte EH Bilduko bozeramaileak Gasteizko Legebiltzarrean. Gainontzeko alderdiekin eta agenteekin adostasun batera heldu nahi dutela adierazi du Iriartek, “ikuspegi bateratu” bat emateko krisiaren amaierari. Ideia hori azpimarratu nahi izan du alderdiko bozeramaleak, "erabakiak hartzeko ordua" dela argudiatuz. Gehitu du hezkuntza, osasungintza, zaintza, etxeko langile, komertzio txiki eta autonomoen diru-sarrerak bermatu behar dituztela.

“Aurrekaririk gabeko krisia” dela gehitu du Iriartek, eta horri aurre egiteko 2020ko aurrekontuak moldatu behar direla, izan ere “aurrekontu hori beste testuinguru baten egin zen eta krisiak sortu dituen beharrizanei erantzun behar die orain”.

Proposamenen artean, arreta gehien eman duena “Covid tasarena” izan da. Behin-behinekoa izango litzatekela adierazi badu ere, etorkizunean fiskalitatea aldatzeko ateak ireki beharko lituzkela gehitu du.

Ez du zehaztapen gehiagorik eman tasaren nondik-norakoez, baina alderdiak Nafarroako Legebiltzarrean antzerako proposamena egin zutela kaleratu du naiz.eus-ek. Neurri horrek porposatzen zuen 2019arekin alderatuz %10a baino gehiago hazi badira enpresen irabaziak Nafarroako Ogasun Publikoari ekarpena egiteko.