Nerea Kortajarena EH Bilduko legebiltzakideak prentsa agerraldi batean esan du Eusko Legebiltzarrean dauden "gehiengoak" baliatu beharko liratekeela "hizkuntza politika berri bat ahalbidetzeko".
"Larrialdi linguistiko bete-betean gauden honetan, uste dugu ez dela nahikoa kaleak betetzea, ez dela nahikoa horrelako sententzia ematen direnean gure desadostasuna agertzea, ez dela nahiko salaketa, hizkuntza politika ausarta behar dira, eta horretarako behar da erabakitasuna, determinazioa eta luzapenak alde batera uztea". Hala adierazi du Nerea Kortajarena EH Bilduko legebiltzarkideak, Auzitegi Gorenak udaletan euskara normalizatzeko araudiaren kontra emandako azken epaiaren balorazioa egiteko orduan.
Zentzu horretan, Kortajarena zuzenean zuzendu zaio EAJri, eta galdetu dio ea euskararen normalizazio prozesuan "erabakitasunez" aritzeko bideari elkarrekin ekiteko prest diren jeltzaleak. "Aterki juridiko berri bat" eraikitzeko proposamena luzatu dio ondoren.
EH Bilduko kideak azaldu du oraindik badirela euskararen aurkako "oldarraldiaren negazionistak", sententziak inpartzialak direla diotenak, "beren burua eskubideen defendatzaile sutsu aurkezten diren bitartean". Eta galdera luzatu die horiei ere: "Eskubide urraketen katalogoa eguneratuko duzue behingoz? Hala beste behin Voxeko euskarafoboen segidismoan jarraituko duzue?".