“400.000 eta 1,6 milioi euro arteko balioa duten etxeek ez dute Ondare Zerga ordaintzen, EAJk ezarritako formulari esker”, Arantza Urkaregi batzarkideak eta Niko Moreno EH Bilduko kideak salatu dutenez.
1,6 milioi euro baino gehiagoko balioa duten etxebizitzek soilik ordaintzen dute zerga hori, “herrialde osoko etxebizitzen %1,22k bakarrik”. 400.000 euro baino gutxiagokoak salbuetsita daude.
EAJk “buelta ematen” dio Ondare Zerga erregulatzen duen arauari, EH Bilduren arabera. Artikuluaren arabera, “etxebizitza batek 500.000 euroko balioa baldin badu, 400.000 euro kendu behar zaizkio lehenengo. Geratzen diren 100.000 euro horiei aplikatu behar zaie Egotzitako Gutxieneko Balioaren %25. Hori eginda gero geratzen den kopuruaren arabera kobratuko litzateke Ondare Zerga".
Aldundiak, ordea, “400.000 euro horiek hasieran kendu beharrean, 500.000 euro horiei aplikatzen die Egotzitako Gutxieneko Balioaren %25, eta kopuru horri 400.000 euro kentzen dizkio. Emaitza, beraz, 0 da; hau da, ez dute Ondare Zergarik ordaintzen".
EH Bilduk “onartezintzat eta eskandalutzat” jo du sistema, “ondare gehiago dutenek gainontzeko herritarrek baino onura gehiago dituztelako”. EH Bilduk formulari buelta ematea proposatuko du Bizkaiko Batzar Nagusietako hurrengo bilkuran –martxoaren 16an– 400.000 eurotik gorako etxebizitza guztiek Ondare Zerga ordain dezaten.