Ohiko biltzar nagusian Abertzaleen Batasuna alderdiak erabaki du 2014ko Europako bozetan EH Bai koalizioan ez aurkeztea. Sorturekin eta EArekin bat egin du ABk hortaz, eta hauteskunde horiek sortu izan dituzten “gatazka eta zatiketak” saihestearen aldeko deliberoa hartu du.
Sortuk joan den astean erabaki zuen Hego Euskal Herriko EH Bildu koalizioaren kanpaina “aktiboki” babestea, ordezkari horiek Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako militanteak ere ordezkatuko lituzketela iritzita.
Herri bozak ere ikusmiran
Europako hauteskundeak alde batera utzita, Sorturen batzarrak aho batez onartu zuen Autonomia Eraiki koalizioko kide izatea joan den astean.
ABk asteburu honetan adierazi du EArekin eta Sorturekin elkar hartuta osatutako EH Bai koalizioaren ildoan “inplikazio osoa” daukala eta 2014an urratsak emango direla mota horretako elkartze berrietan saiatzeko.
ABren iritziz, dimentsio nazionala ezinbestekoa da koalizio horretan baina “Ipar Euskal Herriko berezitasunak” ere muntakoak dira.