Ipar Euskal Herriko EH Bai koalizioa osatzen duten alderdiek talde iraunkor bihurtzea erabaki dute, hauteskundeetarako koalizio izatetik harago joanda.
Abenduaren 20an bozkatuko dituzte oinarri politikoak, mozio orokor baten bitartez.
Euskal Irratiei eskaini die elkarrizketa Peio Etxeberri Aintzartek, EH Baiko bozeramaleak. Koalizioa hauteskundeetarako biziberritzen zela adierazi du, baina hauteskunderik gabeko tarteetan ez zuela “funtzionamendu handirik”.
“Azken bi urte hauetan eraldatze bat eman da, eta mugimendu bateratu bat bilakatzen hasi da”, azaldu du Etxeberrik.
Datorren urteko departamendu mailako hauteskundeetan aurkeztuko da EH Bai, kantonamendu guztietan, eta “testuinguru berezi batean” emango direla dio bozeramaleak.
“Hauteskundeak hegoaldean eta iparraldean batera egingo dira, eta mugimendu abertzalearen pisu orokorra neurtzen ahalko dugu horrela”.
Frantziako alderdi sozialistaren “porrotaren karietara”, mugimendu abertzale gisa nolako alternatiba itxura har dezaketen ere jakin nahi du EH Baik.
Abertzale ezkertiarren bilgune
“Ezker abertzaleko militante guztiak biltzea da gure anbizioa”, esan du Etxeberrik.
Argi utzi du baldintza hori betetzea nahitaezkoa dela EH Bain sartzeko: “Ez da aski ezkertiarra edo abertzalea izatea bakarrik”.