argia.eus
INPRIMATU
EH Bai: “Helburu bakar baterantz abiatzea da Euskal Bidearen asmoa, erritmo ezberdinetan”
  • EH Bilduk eta EH Baik Euskal Bidea aurkeztu dute hil honen 24an Irunen. EH Baiko eledun Anita Lopepek honela erantzun digu egitasmoari buruzko galderei.

Mikel Asurmendi @masurmendi 2015eko urtarrilaren 27a
Anita Lopepe eta Hasier Arraiz ekimena aurkezten. (Arg: EH Bildu)

Zein testuinguruan ulertu eta kokatu behar dugu Euskal Bidearen aurkezpena?

Testuingurua, batez ere, Europan erabakitzeko eskubideen inguruan izan diren bi gertakari inportanteek ezarri dute: bat Eskoziakoa da eta Kataluniakoa bestea. Bi lurralde horietan izan diren gertakariek autodeterminazio eskubidearen ingurura haize berria ekarri dute. Horiek horrela, biak dira eredugarriak guretzat, bai Eskozian gauzatu den erreferenduma egiteko lana, bai Katalunian eramaten ari den prozesua. Alabaina Euskal Herria ez da Katalunia ez Eskozia, orduan Irunen azaldu dugun proposamenaren helburuetako bat prozesua garatzeko zein den gure bidea aurkeztea izan da. Proposamena Euskal Bidea egitasmoan bildua dago, autodeterminaziorantz doan bidea da, erabakitzeko eskubidea gauzatzeko behar ditugun urratsak daude, baita bidea lantzeko moldeak ere.

Berritasuna zertan datza?

Erabaki batean oinarritzen da funtsean: Euskal Herriaren barne aniztasuna ikusita, errealitate administratibo desberdinak daude, errealitate sozio-ekonomiko ezberdinak ere hein batean, bada, gure asmoa helburu bakar baterantz abiatzea da erritmo ezberdinetan, urrats berezituak emanez. Zentzu horretan, kontsultak edo galderak ere ezberdinak lirateke eremu ezberdinetan. Horiek dira ezberdintasunak, hau da, onartzea herritar guztiek erabakitzeko eskubidea dutela, baina bide horretan etapa ezberdinak izanen direla jabetzea, prozesu berezituak hiru eremuetan.

Hiru errealitate horiek urrunxeagoak daude, demagun, duela 20 urte baino?

Niretzat hurbilago daude, arrazoi hainbat tarteko: jendea gehiago mugitzen gara, gazteek aise harreman truke gehiago dute hiru lurraldeetan, eta gero, ekonomia mailan askok eta askok, abertzaleez haratagoek ere, ulertu dute aise aukera gehiago daudela Iparraldek eta Hegoaldek harremanak batera garatzen badute. Halaber, politikan, nahiz eta bide gogorra eta korapilatsua bizi izan dugun, nolabaiteko esperientzia bizi izan dugu bi aldeetako herritarren artean, Iparraldek eta Hegoaldek bide egin dugu neurri batean. Euskal Bidea proposamenarekin heldutasun batera iritsi garela erakutsi dugu. Adibidez, ez da tabu erraitea Euskal Herrian errealitate ezberdinak daudela, ez da ordea ukatzen denok euskaldunak garela. Abiapuntua hori izanik, euskaldun soilik sentitzen garenok gure nazio eskubideak ezagutuak izatea nahi dugu euskaldun gisara. Hots, Euskal Herrian errealitate ezberdinak daudela jakitun, horren araberako bide bat proposatu dugu.

ANC (Assemblea Nacional Catalana) gisako bat sortuko balitz, begi onez ikusiko zenuten?

Uste dut baietz. Bai. Ezberdintasunak ezberdintasun, Euskal Bidearen ibilbide horretan, adibidez, Euskal Herriko instituzioek beren ekarpena egin behar dutela diogu. Nahi badugu euskal herritar guztiek erabakitzeko eskubidea gauzatzea, guk diogu, argi da, euskal herritarrak ordezkatzen dituzten instituzio horiek bere bidea proposatu eta egin behar dutela.

Oharra: Elkarrizketa hau, heldu den astean aldizkarian argitaratuko dugun elkarrizketako parte bat da.

Anita Lopepe, EH Baiko eleduna (Arg: Dani Blanco)