Pello Zubiria Gregorio Marañon ospitaletik Soto del Real espetxera eraman zuten ostiral (7) arratsaldean. Bere osasun egoera dela-eta, baldintzapean aske uzteko bitartekaritza lanak egiteko eskatu diete Pelloren senideek erakundeei. Iñaki Uria berriz, Aranjuezko kartzelara eraman dute.
Bien bitartean, "Euskaldunon Egunkaria" "berehala" zabaltzeko eskatuz
EAJ,
EA eta
EB-IU alderdiek aurkeztutako legez besteko proposamena ontzat eman zuten
Eusko Legebiltzarrean. Besteak beste, atxilotuek salatutako torturak "azken muturreraino" ikertzeko eskatzen du onartutako idatziak. Juan del Olmo epaileak esan duenez aldiz, Martxelo Otamendiren tortura salaketa ez du bidaliko dagokion epaitegira, diligentziak sekretuak direlako.
Bestalde, "Euskaldunon Egunkaria"ren itxierak kalte zuzenak eragin dizkieten sektoreek auzian parte gisa aurkeztuko direla azaldu dute.
Azkenik, elkartasun mezuei dagokienez, Jose Saramago Nobel saridunak, Espainiako Kazetarien Sindikatuen Federazioak eta unibertsitate eta kultur arloko hainbat lagunek salatu dute euskarazko egunkariaren itxiera, besteak beste. ("Le Journal du Pays Basque", "El Diario Vasco", "El Mundo", "El País", "Diario de Navarra")