Hainbat pertsona ezagunek Iraganaren herentzia anakronikoa agiria aurkeztu zuten atzo Madrilen. "Berriro ere Egunkaria auziaren sobreseimendua eta artxibatzea eskatzea baizik ez da geratzen. Bidezkoa da auzipetuentzat, bidezkoa euskal gizartearentzat ere, bizi duen agertoki konplexuan itxaropen izpiren bat ikusteko premia baitu", diote agirian. Pedro Miguel Etxenike fisikaria, Daniel Innerarity Zaragozako Unibertsitateko irakaslea, Bernardo Atxaga eta Laura Mintegi idazleak, Iñaki Goirizelaia EHUko errektorea, Jose Maria Aizega Mondragon Unibertsitateko errektoreordea, Andres Urrutia Euskaltzaindiko lehendakaria, Jose Antonio Ardanza eta Carlos Garaikoetxea Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohiak, Montxo Armendariz zinema zuzendaria, Jose Angel Iribar eta Jesus Maria Zamora futbol jokalari ohiak eta Mariano Ferrer kazetaria daude sinatzaileen artean.