2008an krisi ekonomikoak jo zuenetik %1,9 hazi dira Gipuzkoan soldatak, aldiz, KPI indizea %11,8 igo da eta soldaten arteko desberdintasuna areagotu egin da, Manu Robles Arangiz fundazioak egindako azterketa baten arabera. Ondorioak “Euskal Herri osorako baliogarriak” izan daitezkeela dio.
Gipuzkoako datuak eskuan, ELA sindikatuaren Manu Robles Arangiz fundazioak dio langileen soldatek eros-ahalmenean hamar puntu galdu dituztela azken hamarkadan. Horrez gain, desberdintasunek gora egin dute, gazteen dependentzia gero eta handiagoa da prekarietatearen ondorioz, eta soldata arrakalak bere horretan dirau.
Gipuzkoako Aldundiak argitaraturiko dokumentuak erabili ditu ELAk ondorio horiek ateratzeko, gainerako aldundiek ez baitute gai horren inguruan informaziorik publiko egin “datu esanguratsuak dituzten arren”. Zentzu horretan, sindikatuaren aburuz “gardentasun falta nabarmena” eta datu horiek erakusten duten “errealitatea ezkutuan mantentzeko interes enpresariala” agerikoa da bere ustez. Nolanahi ere, beste lurraldeetako egoera Gipuzkoakoaren antzekoa dela dio.
2008tik 2017ra arte, soldatak %1,9 hazi ziren batez beste, eta larriagoa dena, beherako joera izan zuen azken urtean. Aldiz, Espainiako Estatuko INEren datuak aintzat hartuta, Kontsumo Prezioen Indizea (KPI) %11,8 igo zen epe horretan. Hala, indize hori “soldata baina ia hamar puntu gehiago igotzearen ondorioz, langile klasearen eros ahalmena izugarri jaitsi da”.
Gehien irabazten zutenek, gehiago irabazten dute orain
Azterketa horren beste ondorio nabarmen bat da soldaten arteko desberdintasunak areagotu egin direla. Gutxien irabazten duen hamarreko multzoaren pisua, soldata guztien %0,7 izatetik %0,4ra igaro da hamar urtean, eta gehien irabazten dutenena %25,5etik %27ra. Azkenekook 60 aldiz gehiago irabazten dute pobreenekin konparatuta.
Emakume eta gizonen arteko arrakalak, bestalde, bere horretan darraiela dio ELAk, behinik behin soldatei dagokienez: emakumeek jasotzen dutena ez da kopuru osoaren %40ra iristen. Migratzaileen egoera kaxkarra ere azpimarratu du sindikatuak, Espainiako Estatuko nazionalitatea –Gipuzkoako Aldundiak banaketa hori egin du– ez dutenen soldata, batez bestekoaren erdia baizik ez da.
Bestetik, gazteen soldatak ere oso eskasak dira datu hauen arabera: 19 eta 25 urte arteko gazteen soldata ez da batez beste iristen lanbide arteko gutxieneko soldatak ezartzen dituen 707 eurotara.