argia.eus
INPRIMATU
Egunero sexu-transmisioko hiru infekzio baino gehiago diagnostikatzen dira Nafarroan
  • Sexu-transmisiozko infekzioen ugaritzeari aurre egiteko Osasun Departamentuak sentsibilizazio kanpaina jarri du martxan, Konexioa segurua da lelopean.

Izaro Villarreal Lauroba 2023ko urriaren 31
Gotzone Sagardui, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailburua // Argazkia: European Week of Regions and Cities (CC BY-NC-SA 2.0)

Nabarmena da sexu bidezko infekzioek gora egin dutela azken urteotan, Nafarroako Osasun Publikoaren Aldizkarian argitaratu diren azken datuak aztertzen baditugu: egunero sexu-transmisioko hiru infekzio baino gehiago diagnostikatzen dira. Infekzio horien areagotzeari aurre egiteko, Osasun Departamentuak, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren bitartez, sentsibilizazio kanpaina bat jarri du abian, Konexioa segurua da lelopean, aditzera emateko gaixotasunok saihestu egin litezkeela prebentzio-neurriak erabili eta arrisku-praktikak saihestuta.

Kanpainak “infekzioen intzidentzia murriztea” bilatzen du, horiei buruzko informazioa zein prebenitzeko baliabideak emanez. Jendarteak honen gaineko kontzientzia hartzeko “konexio hau ez da segurua” edo “zure konexioa blokeatuta dago” gisako mezuak erabiltzen ditu, eta herritar guztiak beren praktikak “modu seguruan berrabiaraztera” gonbidatzen ditu.

Azterketa ginekologikoetan egin ohi den baheketari erreparatzen badiogu, infekzio hauen hazkunderik nabarmenena 35 urtetik beherako lagunengan atzematen da: 25-34 urteko gizonek dute “sifilisaren, gonorrearen infekzioa edota linfogranuloma benereoaren” intzidentzia handiena. 15-24 urteko emakumeen artean, ordea, “klamidiak eragindako infekzioa” detektatu da gehienbat.