argia.eus
INPRIMATU
Egunero 600 futbol zelaiko natura-azalera hormigoi bihurtzen dute Europan
  • 2018tik 2023ra kolore berdea izatetik grisa izatera pasa den lur eremua 9.000 kilometro koadro ingurukoa da, Zipreren adinako azalera. The Guardian-ek argitaratu duen ikerketaren arabera, etxebizitzen eta errepideen eraikuntzara ez ezik, luxuzko turismo, kontsumo eta aisialdira bideratutako lurrak dira.

Ekain Carrasco Tellaetxe 2025eko urriaren 01
Bulldozerrak eraikuntza lanetan

The Guardian eta bere bazkide diren Arena for Journalism in Europe (Arena), Norvegiako Natura Ikertzeko Institutua (Nina), Norvegiako NRK irratia eta 11 herrialdetako beste hedabide batzuek eginiko ikerketan ondorioztatu dute 2018tik 2023ra artean 9.000 kilometro koadro naturgune galdu direla gizakion esku hartzeengatik, alegia, egunero 600 futbol zelaien azalerako natura galera da.

Natura lurretan ez ezik, landa guneko soroak ere hormigoiz ordezkatzen ari dira, eta horrek elikadura segurtasunari mehatxu egiten dio, txostenaren arabera. Eraikuntzen gehiengoa errepide eta etxebizitzak dira, baina aberatsen probetxurako diren luxuzko turismo, kontsumo eta industriak ere lekua hartu dio naturari. Natura galera handiena izan duten herrialdeak Turkia (1.800 kilometro koadrotik gora, Europa osoko galeraren bostena), Polonia (1.000 kilometro koadrotik gora), Frantzia (950 kilometro koadro), Alemania (720 kilometro koadro) eta Erresuma Batua (604 kilometro koadro) dira.

Besteak beste, Turkian, Ezmir probintziako hezegunea, Egeoko kostaldean, hormigoizko zimenduen azpian lurperatu dute, luxuzko yateak izatera bideratutako kirol portu baterako, ikerketaren arabera. Portugalgo kosta ere luxuagatik bereziki zigortua izaten ari da. Algarveko kostan babestutako eremu batean 300 hektarea galduko dira golf zelaia duen konplexu baten eraikuntzan, zeinak mantenurako egunero 800.000 litro ur behar dituen. Turkiako proiektua aurrera daraman Yatek bezalako enpresek legearen barruan jarduten dutela argudiatzen badute ere, hainbat GKEk salatu dute Europan gertatzen ari den “kalte naturala”.

Euskal Herrian ere ez gaude prozesu honetatik salbuetsita. Besteak beste, Baztango lurretan eraikitzekoa den Aroztegia luxuzko proiektua bertan daukagu. Luxuzko hotela, golf zelaia eta 228 etxebizitza eraikiko dira natura lurretan, herritarrak proiektua oztopatzen saiatu diren arren.