EAEko epaitegietan egunean 11 emakumek salatu zituzten eraso sexistak 2013an. Hala ere, Argitan Barakaldoko Emakumeentzako Aholku Etxearen arabera, erasoa jasan duten emakumeen %30ak baino ez du salatzen.
Argitanek 354 emakume artatu zituen 2013an; horietako 30ek tratu txarrak eta eraso sexualak salatu zituzten bikote edo bikotekide ohien aldetik. Egoera horiek gainditzeko, emakumeek salatzea beharrezkoa den moduan, neurri integralak ezinbestekoak direla adierazi dute.
Aholku etxearen arabera, “emakumeak bizi duen biolentzia-egoera gizarteak egokitzen dion menpeko paperaren ondorio da”. Horregatik, emakume eta gizonen arteko parekidetasuna sustatzea ezinbestekoa dela diote, eremu guztietan emakumeen autonomia bermatuko duen hezkuntzatik hasiz.
Karmengo jaietan “Jaia, gaua gureak ere badira”
Barakaldoko Karmengo jaien bezperan, Argitanek eraso sexisten aurkako kanpaina abiatu du “Jaia, gaua gureak ere badira” lemapean. 300 kartel jarriko dituzte emakumeei “jaia konfiantzan eta askatasunean bizitzera” animatzeko eta pairatu dezaketen eraso sexista oro salatu dezaketela gogorarazteko. 2.000 pegatina ere zabalduko dituzte Barakaldoko festa eremuan.
Horrekin batera, emakumeentzako autodefentsa tailerra antolatu du Argitanek hilaren 14rako. Autoestimua, konfiantza eta norbere buruarekin seguru sentitzea landuko dute. Eraso sexualetatik defenditzeko teknikak ere ikasiko dituzte eta "erasoen aurrean izan beharreko emakumeen arteko elkartasuna" ere landuko dute.