1.200 langile ditu Lanalden telemarketin enpresak, eta, besteak beste, SOS Deiak, Trafiko eta Bilboko Udalaren 010 herritarrentzako arreta telefonoaren zerbitzuak eskaintzeaz arduratzen da. Egun osoko greba egin dute, lan baldintza duinen defentsan.
Enpresa batzordeak salatu duenez, bertako langileak erosahalmena galtzen ari dira eta prekaritate handiko egoera bizi dute. Enpresak ez zuen negoziazioekin jarraitu nahi izan eta alde bakarrez erabaki zuen %3,5eko igoera, hitzarmenaren kontura. Hala ere, enpresak ez du erabakitakoa bete, langile batzuk igoera horretatik kanpo utzi baititu.
Gainera, langileak falta direla salatu dute,eta oporretako aldaketa eta egutegi defizitarioen eraginez langileak euren lana zama handiagoekin egin beharrean daude.
Horrez gain, langileek salatu dute Lanalden enpresa ez dagoela telelana arautzearen alde, ezta honek dakartzan gastuengatik gehigarriak aitortzearen alde ere.
Horregatik guztiagatik erabaki dute grebara joatea, LAB eta ESK sindikatuek deituta. Hain zuzen ere, lanuzteak egiten ari dira irailean zehar, eta ostiralean egun osoko greba egin dute.