argia.eus
INPRIMATU
Egun gutxitan lau leherketa eta sute susmagarri gertatu dira Irango hiriburuan
  • Teheran inguruko fabrika batean gaur gertatutako leherketan gutxienez bi lagun suertatu dira hilik. Agintariek erantzukizuna 'giza-akats bati' egotzi dioten arren, nabarmentzekoa da egun gutxitan Iranek nozitu dituen antzeko leherketetan laugarrena dela asteartekoa.

ARGIA @argia 2020ko uztailaren 07a
Teherango iparraldeko ospitalean leherketa batek 19 lagunen heriotza eragin zuen ekainaren 29an.

Baqershahr herrian, Teherandik oso hurbil, dagoen industria-gune batean gertatu da leherketa hilgarria, gutxienez bi lagunen heriotza eragin duena, hiru gehiago zaurituz. Irango gobernuaren funtzionario batek IRNA agentziari esan dionez, "leherketa gertatu da zenbait langilek oxigeno tankeen erabileran trakets jokatu dutelako. Leherketa hain izan da handia, ezen eta ondoko fabrika baten hormak ere hondatu baititu".

Kontua da egun gutxitan horrelako istripu berezi gehiago gertatu dela Iranen, interes estrategikoa eduki dezaketen hainbat gunetan. Joan den ostegunean, uztailak 2, Irango gobernuak uranioa aberasteko azpiegiturak dauzkan Natanz lurpeko faktoriaren goiko solairuan sueta gertatu zen; agintariek aitortu zuten kalte handiak eragin zituela. Aste horretan bertan, ofizialki gas ihes batek eraginda, leherketa handi bat gertatu zen Teheran iparraldeko klinika batean, 19 lagunen heriotza eraginez. Ekainaren 26an Parchin base militarrean gertatu zen antzeko beste leherketa bat; parchinen armak garatzeko instalazioak dauzka gobernuak.

Bai Irango eta bai nazioarteko zenbait adituren susmoetan dago gertakizun hauek guztiak istripuak baino sabotajeak izango ote diren, AEBk edo Israelek ezkutuka antolatuak. Irango agintariek aitortu dute, hasteko, Natanzko suteak atzeratu egin dituela herrialde horrek erregai nuklearra bere kasa ekoizteko prozesuak.