Egun erabakigarriak EAEko aurrezki kutxa publikoen pribatizazioan

  • Gaur, 2014ko ekainak 30, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrezki kutxen fusiotik sortutako Kutxabank banku publikoa pribatu bilakatzeko urrats erabakigarria emango da Gasteiz eta Bilbon burutuko diren batzarretan: horietan orain arte Arabako Vital Kutxaren eta Bizkaiko BBKren aginte gune nagusiak izan diren batzarrek baiezkoa emango diote fundazio bihurtzeko proposamenari.


2014ko ekainaren 29an - 00:00
Azken eguneraketa: 2014-06-30 09:25:25

Kutxabanken hirugarren zangoa den Gipuzkoako Kutxak udazkenera arteko tartea hartu du erabaki hori bera mamitzeko. Pribatizazioarekin etengo da Hego Euskal Herrian (Nafarroako kutxaren hondoratze traumatikoa lehenago gauzatu zen) 1850ean Gasteizko Aurrezki Kutxa Munizipala sortuz geroztik mamitu den bankagintza publikoaren ildoa.

Eztabaida sutsua piztu du aurrezki kutxak banku pribatu bilakatzeak. Lasaiago pasatu ziren aurreko kontzentrazio prozesuak, lurralde bakoitzak zeuzkan biak bateratzea lehenik eta EAEkoak bakarrean integratzea gero. 2011n gertatu zen hau. Baina bankako negozioa hobeto antolatzearen beharrez gain 2008ko finantza krisi handiak baldintzatu ditu azken urteotako urratsak. AEB eta Europako kredituen negozioak eztanda egiteaz gain, Espainiako Estatuan agerian geratu ziren bankuek –eta hauetan aurrezki kutxa publikoek– elikatutako burbuilaren ondorioak. EAEko kutxen egoera ez izan arren Espainiako beste askorena bezain katastrofikoa, hemengoek egindako apustuen ordainak pagatu beharra iritsi zen; funtsean eraikuntzako espekulazioan egindako inbertsioek eta porrota jotako CajaSur kutxa andaluziarra erosi izanak desorekatuta dauzka gaur Kutxabank denaren zimentarriak. Egoera zail horretan iritsi zaizkie Europatik troikak zerbitzu publiko oro, bankugintza barne, pribatizatzeko aginduak.

Ezustekorik ezean, pribatizatzeko bideak ez du atzera bueltarik: kutxen bezeroek, langileek eta erakunde sustatzaileek (lekuko administrazioen ordezkariek) osatzen dituzten batzarretan gehiengo nabarmena daukate instituzioetan nagusi diren alderdi politikoek, EAJk, PSEk eta PPk. Gaur eman beharreko urratsa defenditzeko argudiatzen dute EAEko herritarren aurrezkien erdia baino gehiago biltzen duen Kutxabank pribatizatu beharra Bruselak agindu duela eta Espainian kutxen alorra arautzen duen lege berriak ez duela beste aterabiderik uzten. Aldiz, horren kontra daudenek –funtsean EHBildu indar politikoa, ELA eta LAB sindikatu abertzaleak eta zenbait herri mugimenduk, finantza publikoen defentsan ari diren intelektualek lagundurik– uste dute lege berriak ematen dituela aukerak oraindik kutxen izaera publikoari eusteko eta salatzen dute pribatizazioa ezinbestekoa dela dioten alderdiak berak izan direla lege berria Madrilen negoziatu dutenak.

Kutxabankeko lehendakari den Mario Fernandez Pelaz bankari ezagun eta politikari ohiak aurtengo otsailean aurreratu zuen bankaren kapitalaren %70 kapital pribatuari eskainiko zitzaiola. Geroztik ugaritzen joan dira salatzen dutenak operazio hau bi protagonistaren artean “egosi” dela: alde batetik establishment politikoa, EAEn EAJk eta Espainian PPk ordezkatzen dutena, PSEri deituta elkarlanera; bestetik Bizkaiko finantzetako oligarkia, “Neguriko jendea” ere deitua, Mario Fernandez bera buru duela, Banco Bilbao Vizcayarekin –Argentariarekin fusionatu artean- edukitako agintea berreskuratu nahiko lukeena.

Bitartean, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako kutxek ikusi dute sortzetik beren helburu nagusia zen ongintza eta lan soziala burutzeko ahalmena murrizten, mende bat baino gehiagoko historian administrazio lokalen eskuzabaltasunean babesturik metatutako ondare immobiliarioa atzerriko funts espekulatiboei saltzen, herrietan hedatutako bulego eta langile sarea murrizten… Hiru kutxetan batzar nagusien ordez bankako fundazio bihurturik patronatu berriak antolatzen dizkietenean, orduantxe emango zaio azken aizkorakada euskal banka publikoari: Espainiako gobernua izango du Kutxabankek aurrerantzean zaindari nagusi eta ez Eusko Legebiltzarra. Pribatizazioaren kritika gogorra egin duen Ekai Group taldeak esana du operazio hau “estatu kolpea” izango dela.  

Horrela bukatuko da EAEko indar politiko nagusiek ezarritako kudeatzaileek –banku zaharberrituan agintzen jarraitu nahi dutenek– azken hamarkadetan Espainiara zabalduz eta hango espekulazio operazioetan murgilduz egindako abentura. EAEk galduko du bere finantza-tresna inportanteena… eta laster ikusiko da horrek zer eragin duen betidanik EAEk bere autonomiaren ezaugarritzat harro erakutsi duen kontzertu ekonomikoan.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kutxabank
Kutxabankek komisioak kenduko dizkie erabiltzaileen %80ri

Komisioak ezabatu egingo dira 30 urtetik beherako guztientzat eta baldintza batzuk bete beharko dituzte kontua eta txartela doan mantendu nahi duten bezero orok. Urtarrilaren 15ean sartuko da araudi hau indarrean.


Kutxabankek akordioa sinatu du Madrilgo Alantra inbertsio bankuarekin, "hazteko" estrategia berriaren baitan

Kutxabankek inbertsio bankuen sektorean sartzeko pausoa eman du eta akordioa sinatu du sektore horretako Espainiako Estatuko eta Europako eragile nagusienetako batekin, Alantra sozietatearekin. "Enpresen merkatuan" presentzia handiagoa izatea litzateke helburua.


Frantziako Tourrerako atera dituzten ikurrinek EITB, Kutxabank eta Eusko Jaurlaritzaren logoak dituzte

Ekainaren 15ean aurkeztu dute ekimena Inés Monguilot (Kutxabank) eta Luis Manuel Martínek (EITB). Guztira 60.000 ikurrin atera dituzte Frantziako Tourrean banatzeko, hiru erakundeen logoekin.


Antón Arriola (Kutxabankeko presidentea):
"Kutxabankek Euskadiko mugetatik kanpo hazi behar du"

Kutxabankeko presidenteak finantza entitatearen hurrengo urtetarako asmoak azaldu ditu Cebek Bizkaiko patronalak egindako jardunaldi batean. Bere hitzartzean iradoki du Euskal Herritik kanpo hazteko proiektua duela Kutxabankek, eta horretarako banku pribatuetan eta inbertsio... [+]


Eusko Jaurlaritzak 123.000 euroko isuna jarri dio Kutxabanki "arau-hauste larriengatik"

Kutxa zerbitzua ez ematea, eskudirutan ordaintzeko zerbitzua ezabatzea eta "abusuzko praktikak" egitea egotzi dizkio Kontsumobidek erakundeari.


Eguneraketa berriak daude