“Egun bizi garen sistema fosilista aldatzeko enplegua da dugun armarik handiena”

  • HUN – HerriUni eta Andoni Esparza Gallastegi Gizartegintza Elkarteak jardunaldia antolatu zuten martxoaren 5ean, Gernikako Astran. Bertan, Julia Itoizek hitzaldia eskaini zuen: “Lau urte egon nintzen Andonirekin bere liburua idazten, haren etxean: La otra experiencia – El libro que nadie quiso publicar a Jorge Oteiza. Esparzaren historia zen baina berak ezin izan zuen idatzi”. Martzillan egin zuten egun-pasa gogoratu du: “Bere proiektuaren lurraldea ikusi genuen, utzia zegoena. Lastoz betetako silo batean bulego mahai bat zegoen, eta ireki genuen kaxoi bat eta akta baten orria aurkitu genuen, Arizmendiarretaren sinadurarekin. Pentsatu nuen: ‘Nola da posible Euskal Herriko historian hain garrantzitsua den zati bat Martzilako oilo ukuiluan utzia egotea?’”. Iragana ezagutzea etorkizunari aurre egiteko baliagarri zaigula azaldu zuen: egun, erregaien amaierak behartuko duen trantsizioaren atarian, Funcor eta MCC sortu ziren garaian bezala, garaiko erronkei erantzun beharko diegulako.

    Jabier Lertxundik ere hitzaldia eman zuen jardunaldi honetan. Artikulu honetan jaso dugu kronika.


2022ko maiatzaren 04an - 09:52

Enplegua “gizarte energia handienetakoa” dela azaldu zuen Julia Itoizek: “Enpleguan pasatzen dugu denbora gehien, bizimodu bat sortzen digu, erabilera batzuk sortzen dizkigu (adibidez, kotxez noa lanera, edo jende askorekin egiten dut lan...) eta kontsumo batzuk eragiten ditu: agian lan eskasa dut baina diru asko ematen dit, eta hori xahutzen dut merkatal zentruan... uste dut gizarteak eta enpleguak elkar elikatzen dutela, elkar egiten dutela: gizartearen araberako enplegua eta enpleguaren araberako gizartea ditugu”.

Harreman demokratikoak eta bizitzarako segurtasuna

“Funcorren harreman demokratikoak eraikitzea lortu zuten, diktadura garaian. Eta enpleguak ematen digun zerbait oso garrantzitsua sortu zuten Funcorren: bizitzarako segurtasuna. Osasun sistema ematen zuen egungo sistemarik ez zegoen garaian. Bekak ematen zituen ikasteko. Eta kooperatibak zituen irabaziekin kultura sustatzen zuten eta hori oso garrantzitsua da, kultura mundu ikuskera delako eta sustraia ere badelako, eta sustraitutako komunitatea manipulatzeko zailagoa delako. Eta batez ere, kultura erreminta pribilegiatua delako gauzak aldatzeko, hezkuntzaren bidez eta eragiten dituen emozioen bidez”, azaldu zuen Itoizek.

Funcorren eta MCCren kooperatibagintzen ezberdintasunak landu zituen Itoizen aurretik Jabier Lertxundik, jardunaldi honetan.

Baina bai Funcor eta bai Mondragon gauza batean berdinak zirela adierazi zuen Itoizek: “Egitura industrial fosilistak ziren, erregai fosiletan oinarritzen zirenak. Oso merke iristen ziren erregai fosilak, eta garai hartako gizarte nekazaria mugiarazi zuten, egungo Euskadi digitala bihurtu arte. Geologikoki, humanitatearen historiako garai pribilegiatua izan zen, energia merkea, bersatila eta indar handikoa zegoelako, gizartea garatzeko erabili zitekeena. Pena da diseinu horretaz jabetu zena estatu frankista izan zela; eta munduaren, industriaren eta enpresaren ikuspegi bat zabaldu zutela”.

Erregai fosilen amaierarekin zer?

“Lagun geologo batek esaten du Espainiako estatuan hiru zonalde daudela arriskuan erregai fosilen amaierarekin: Bartzelona, Madrid eta Bizkaia-Gipuzkoa. Industrializatuenak, alegia. Sei pisuko munstroak eraiki ditugu nekazal lurrik onenetan, zentzugabekeria erabatekoa dena”, bota zuen Itoizek.

Zientziaren aurrerabideetan itxaropena jartzea alferrik dela esan zuen Itoizek: “Post-egiaren erregimen bat esaten ari zaigu zientziak dena konponduko duela. Hori Erdi Aroko sineskeria da, 4.0 arora egokitua. “Zientziak egingo du”, jainkoak bezala? Ez, zientziak ez du egingo, badirelako zientziak konpondu ezin dituen gauzak. Erregai fosilen bukaeratik ez gaitu ezerk libratuko, ezta zientziak ere, ez baita arazo zientifiko edo teknologiko bat, arazo geologikoa baizik. Ezta ere eguzkiak, ez haizeak, ez beste energia berriztagarriek ezingo dute ordezkatu petrolioak zeukan indarra: zientzialariek diote gasolinaz ditugun ehun kotxetik bat bakarra egon ahalko dela elektrikoa, elektrikoak litioa behar baitu, oso eskasa den materiala, eta ez da egongo egun gasolinazkoak diren adina kotxe egiteko litiorik. Obreroen kotxea desagertu egingo da eta kotxea beti izan dena izatera itzuliko da: luxuzko objektu bat. Lehen bezala, medikuak eta herriko aberatsak izango dute kotxea. Oxala herriko aberatsak ez, baizik eta kotxea anbulantziak izatea, edo janaria dakarrenak: denoi eragiten digun gauzetarako izatea. Horrelako adibideetan ikus daitekeen bezala, salbatu gaitzakeen bakarra inteligentzia eta komunitatea dira”.

Ezinbestean hurrengo urteetan ezagutu ditzakegun aldaketa batzuk aipatu zituen: “Ezingo dugu 40 minutu baino hurrunago dagoen lantoki batean lan egin, ezingo gara erosketak egitera hipermerkatura joan, nork ekarriko du janaria (dena mugitzen baita kamioietan)?”. Beste adibide bat ere jarri zuen: “Nekazal eremuetara joko du jendeak, jada hasia da pandemiarekin. Nafarroara eta Arabara bizkaitar eta gipuzkoar asko etorriko dira, ezin izango dutelako hirian bizi”.

Gehienbat aldaketa klimatikoaz hitz egiten bada ere, kutsadura arazo larria dela erantsi zuen: “Oso pobretutako lurrak ditugu, urak toxikoak...”.

“Funcorren garaian ere gizarte eredua aldatzeko beharra zegoen”

Oso motibo eta ezaugarri desberdinengatik bazen ere, Itoizek azaldu zuen Funcorreko jendeak bizi izan zuen bezala, egun ere “gizarte eredua aldatzeko beharra” dagoela: “Eta eredua aldatzeko erresilientzia ariketa egin behar da. Egoera berri oso arriskutsuan gaude, eta adimen handia beharko dugu eta komunitate sendoa. Elkartzeak soilik salbatuko gaitu. Materialki galdu egingo dugu, bai, baina humanitatean irabazi. Eta zerk egiten gaitu zoriontsu, daukagunak edo garenak? Agian pertsonago izango gara”.

Enplegua aldaketarako ezinbestekoa den “energia soziala” dela gogorarazi zuen Itoizek: “Egun bizi garen sistema fosilista aldatzeko enplegua da dugun armarik handiena. Fosilista ez den zerbaitera aldatzeko dugun beharra da dugun enplegu nitxorik handiena. Eta enplegua da bizitzarako segurtasuna ematen duen iturririk emankorrena”.

Eredua berrasmatu behar dela esan zuen, baldintza hauekin: “Ez dadila izan zentralista, gaindimentsionatua eta gainera hierarkizatua”. Hierarkia kooperazioa baino “tentelagoa” zela azaldu zuen: “Kooperatzen dugunean, adimenak gehitu egiten dira eta egitura inteligenteagoa da. Pentsatzen duena bakarra denean, eta gainera txoroa bada halakoren semea delako edo OPUSen norbait delako edo alderdikoa delako... gainera tentelkeria biderkatu egiten da. Pentsatzen dutenak asko direnean, tontoenak ere izan dezake une batean jeniala den ideia. Garai honetan inteligentzia eta komunitatea behar ditugu eta hori da egin dezakegun gauzarik onena: gure adimenak elkartzea”.

“Ezin diogu gure buruari tristezia baimendu”

“Batez ere, inseguritate bitala sentitzen dugu. Etorkizuna ez dugu argi ikusten” azaldu zuen Itoizek, eta “arazoa dugu faxismoekin, horiek insegurtasun bitaletik elikatzen baitira. Vox bezalakoak eta ekofaxismo berriak hobeto komunikatzen asmatzen ari dira ezkerra baino, egungo egoerara hobeto egokitzen den hizkuntza darabiltelako. Beldurretik, insegurtasunetik hitz egiten ari dira eta ezkerra ez da honetan hitz egiten ari. Ezkerra atera behar da sendo esanaz ‘badago aukera bat, badago bizitzarako segurtasuna’”.

Errealitatea aztertzeko, analisi zientifikoarekin batera analisi soziala eta etika beharrezko direla esan zuen: “Izan ere, inor ezin da kanpo geratu, ekofaxismorik ezin da onartu. Analisi zientifiko horretatik bisio bat sortu behar da, proiektu partekatu bat. Nora joan nahi dugu? Gizarte seguru batera iritsi behar dugu, jateko edukiko duguna, neguan bero egongo garena, jendeak ikasten jarraitu ahal izango duena... Bizitzeko ezinbesteko diren beharrak asetuko dituena. Hori da helburua, eta nola egin behar dugu? Bada erregai fosilik gabe. Eta horrek dena aldatzen digu, zeren gure gizarteko %89 erregai fosila erabiliz egina da”.

Baina sistema aldatzeko “oztoporik handiena gu geu gara”, jarraitu zuen Itoizek: “Izan ere, geroni ere fosilistak gara. Indibidualistak ere bagara. Eta oztoporik handiena, nire ustez, ezkertiarrok gara, sistema fosilistara egokituta gaudelako eta gainera hala ez gaudela uste dugulako, gu kanpo gaudela”.

Oztopoak oztopo, “etorkizuneko belaunaldiek behar dute gu gai honetan aktibo egotea”, adierazi zuen Itoizek: “Ezin diogu gure buruari tristezia baimendu. Tristezia atzerakoia da. Etorkizuneko jendeak optimista behar gaitu, sinetsiz egin dezakegula. Ez dago besterik. Itxaropena behar dugu, beste mundu bat posible dela eta fedea, lortu ahalko dugula”.

Beste eredu bateko gizartera iristeko estrategia enplegua dela errepikatu zuen, “energia sozialik handiena baita: “Zer enplegu hoberik, egun batean Funcorren lortzen saiatu zirena baino? Zortea dugu Funcorrekin, hasteko, eredu hori jasoa dagoelako bere kudeatzailearen testigantza zuzenaren bidez. Erregistratuta dago. Eta gako asko ematen ditu bertan, besteak beste, oker zeudela gauza batzuetan baina beste gauza askotan asmatu zutela. Funcorreko jendeak eta bere proiektuak, erreferente dira egin behar dugun bide honetan: langile jendearen batasuna, beste mundu bat posible dela sinestea, eta ezagutza erabiltzea izan zituzten oinarri. Eta egungo bi bektore gehitu behar genizkioke garatu behar dugun enpleguari: sarean lan egitea eta jasangarritasunetik eta ekologiatik lan egitea”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ekonomia eraldatzailea
Pertsona migratuentzako ekintzailetza kooperatiboa, bizi-proiektuak hobetzeko tresna bat

Hegoaldetik ekimena pertsona migratuei ekonomia sozial eraldatzailea hurbiltzeko jaio zen 2023ko ekainean, Enarak kooperatiba, OlatuKoop eta Lankiren eskutik. Geroztik ari da bidea egiten, formazio saioak eskaini nahi ditu eta Katalunian izandako esperientziak konpartitu... [+]


2024-03-03 | Garazi Zabaleta
Azokoop
Pirinioetako Artzibarren lan eta bizi: hurbileko kontsumorako denda eta proiektua

Artzibarko Urdirotz herrian, Nafarroako Pirinioetan, proiektu berri batek zabaldu ditu ateak otsailaren 24an. "Azoka-Denda" deitu diote Txabi Bados Ruizek eta Rita Perandrés Martínezek haien etxe azpian ireki duten dendatxoari. Azokoop mikrokooperatibaren... [+]


2023-11-08 | ARGIA
Aztarna ekologikoa murrizteko neurriak hartzen hasi da ARGIA liburuen eta aldizkariaren ekoizpenean

Kataluniako Ekoedizioaren Institutuko bazkide egin da ARGIA, Europako bakarra, eta Euskal Herrian halako urratsa eman duen lehen eragilea da. Zigilu baten bidez, bere argitalpenen aztarna ekologikoa neurtu eta garbi adieraziko du hemendik aurrera. Dagoeneko sei liburu ekoeditatu... [+]


Marinaledako lur komunalak espekulatzaile pribatuen eskuetan gera daitezkeela ohartarazi dute

Andaluziako Marinaleda herrian dagoen Los Humosos lursaila saldu nahi du Andaluziako Juntak. Duela hamarkada batzuk lur horiek okupatu zituztenetik kooperatiba baten bidez landu dituzte hango jornalariek, baina 2021an desalojatzeko agindua jaso zuten eta horri jarritako... [+]


Udalgintza eta herrigintza eraldatzailea: Euskal Herriko ekimen burujabeak saretzeko jardunaldiak Hernanin

Hernani Burujabe herri proiektuak, Hernaniko Udalak eta Udalbiltzak hiru eguneko jardunaldiak antolatu dituzte urriaren 19tik 21era, burujabetzen gaia ardatz hartuta, herrigintza eta udalgintza ikuspegi eraldatzaile batetik jorratzeko. Hainbat esperientziren inguruko hitzaldiak... [+]


Eguneraketa berriak daude