argia.eus
INPRIMATU
Baztan Arte-Kale Kolektiboa
“Egonezin artistikoak eta Palestinaren aurkako genozidioak bat egin dute”
  • Bilboko Alde Zaharrean barrena arituz gero, segituan ohartzen da bat hamaika komertzioren erakusleihoek bestelako itxura dutela. Palestinarren mina irudikatzeko, kristal hautsiez osatutako Hautsiak erakusketa ipini du Baztan Arte-Kale Kolektiboak arropa denda, optika, kultur-elkarte eta tabernatan. Hamaika artelan dira guztira, hamaika komertzio. Israelen basakeriaren biktima izan diren haur palestinarren aurpegiak erakusten dituzte. Martxoaren 22ra arte egongo da ikusgai, printzipioz.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2024ko martxoaren 05

Jende askok bezala, Baztan Arte-Kale Kolektiboko kideek ere begiak Palestinan dituzte. “Gu ere, nolabait esateagatik, hunkituta gaude”, kontatu dio ARGIAri izena eman nahi izan ez duen kolektiboko kide batek. Askotariko arte diziplinatan dihardute kolektiboko kideek, eta horietako baten ekinbidetik sortu zen kristal hautsietan palestinarren aurpegiak irudikatzeko egitasmoa. Mailuarekin eta puntzoiarekin kristala hautsiz irudiak sortzean datzan teknika da. Egonezin artistiko eta politikoak bultzatu ditu erakusketa egitera.

Gehiago ere egin zitzaketen, baina azkenean hamaika kristal hautsi egin dituzte. “Une honetan atera behar genuen, egoera oso larria delako”, adierazi du kolektiboko kideak. Erakusleihoan jartzeko baimena eskatu eta ekimenean parte hartzea galdegin dioten komertzioek gustu handiz hartu dute proposamena; berehala eman zieten baiezkoa, egiten ari zirenaren argazkiak erakutsita.

Komertzioak ondo hautatuak izan direla jakinarazi dute, komunikatuan adierazi moduan, “gure bizitzak bizi bitartean, Israelek egunero hiltzen dituela ez ahazteko”. Hain zuzen, haien helburua da tabernara trago bat hartzera joaten garen bakoitzean gogoan izatea kutsatutako ura edan behar izaten dutela palestinarrek; era berean, arropa erostera joaten garenean, palestinarrek zabor eta hondakin artean utzi behar izan dituztela haienak; edota gure azala tatuatzera joaten garenean, zauriek palestinarren gorputzak betirako markatzen dituztela.

“Bizimoduaren arlo guztiak ukitu nahi genituen: aisialdiaren parte diren tabernak, arropa eta zapata dendak, telekomunikazio konpainiak... Izan ere, normalean, taberna jakin batzuetara jo ohi dugu salaketak egiteko; argi geneukan ohiko eskema horiek gainditu behar genuela eta Alde Zaharra osorik zeharkatu”.

Akaso, Bilboko Alde Zaharretik harago ere joango dira. Leku gehiagotatik deitu dituztela jakinarazi dute, galdegiteko ea Bilboko erakusketa amaitzean mugituko liratekeen beste herriren batera: “Ahal izanez gero, zabaldu nahiko genuke, beharko genuke. Erakusketa aitzakia baino ez da gaia eta mezua jende gehiagorengana heltzeko”.

Horren adibide ostiralean egin zena, hainbat eragileren ekimenez: Alde Zaharreko kaleetan zapatilak eta haien palestinar haur erail batzuen izenak jarri zituzten.

Baztan-Arte Kolektiboa

“Duela hilabete luze batzuk” sortu zen Baztan-Arte Kolektiboa, era kolektiboan sortzeko eta antolatzeko beharra sentitzen zutelako hainbat artistak, eta ez zutelako nahi “militantzia artistikoan norbanako gisa jardun”.

“Kontzientzia daukan jendea biltzen du Baztan-Arte Kolektiboak, eta uste dugu artearen bitartez gure bizitzetan eragin eta egunerokotasuna moldatu dezakegula”, azaldu du ARGIAri kolektiboko kide batek. Era ofizial eta publikoan ipini duten lehen lan artistikoa da Hautsiak: “Hainbat kaletan badaude gure artearen aztarna batzuk, gureak direla esan ez ditugunak. Diskrezioa nahi izan dugu, bereziki kalean egiten den arteak instituzioen zentsura jasan ohi duelako sarri. Ez dugu aldarrikatzen gehienetan, ez dugulako desagertzerik nahi. Gure artea kaleko artea da, eta efimeroa da”.