Egokitu, asimilatu edo izan?

  • Koldo Mitxelenak esana da euskararen fenomeno harrigarriena ez dela jakitea bere jatorria nondik datorren, baizik eta nola lortu duen irautea.


2014ko urriaren 13an - 00:00
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37:33

Ondorioztatu genezake bere deklarazio horretatik –nahiko lizentzia hartuta, egia esan– euskarak iraun duela historian zehar kanpo-kontaktuekin egokitzen jakin duelako. Moldatzen jakin duelako. Nola bestela? Ze, ez dugu ahaztu behar mendeetan zehar gure herritik zenbait kultura arrotz “pasa” dela, eta hauen kontra borrokaldi epiko gutxi protagonizatu dugula. Gure hizkuntzaren iraupenaren gakoa ez dago hor. “Pasa egin dira” horretan egongo ote da gakoetako bat?

Joxe Manuel Odriozolak dio munduan estaturik gabeko beste zenbait kultura eta hizkuntzari gertatzen zaien bezala, euskal herritarrok ere zapalkuntza eta asimilazio prozesu gogorra jasan dugula. Horrek, bere hitzetan, hauxe suposatu du: identitate galera izatea. Eta jatorrizko euskal identitatea galduta, hori berreskuratzeko eta aldarrikatzeko kontzientzia, beraz gogoa, ia galdu egin dugula. Horrez gain dio, masa kritiko oso txikia daukagula, eta planteamendu politiko integralik ez dugula berreskurapenerako. Bere ustez, estaturik gabe nekez biziberrituko dira euskal nortasuna eta euskara.

Hauen bien atzean bi postura, bi argudiatze, bi diskurtso kontrajarriren aurrean egon gaitezkeela ematen du. Mitxelena eta Odriozolak bide ematen dute horiek azaleratzeko: egokitzea versus asimilazioa.

Nik uste dut XIX. mendera arte Mitxelenak iradokitzen duen egokitzeko abileziaren estrategia errazago ulertzen dela, zentzu handiagoa duela historiaren epe horretan. Horrek ez du esan nahi mendeetako historian zehar zapalkuntza espliziturik egon ez denik, ez. Nik diot erraz ikusten dela ordura arteko gure “bisitari” arrotzak eta XX. mendean zehar etorri ziren inmigrazio-uholdeek oso izaera eta eragin ezberdina izan zutela gure izaerarengan. XX. mendera arte hemendik pasatakoen artean eta aurreko mendean hemen instalatzera etorritakoen artean alde handia dago: zertara eta zein jarrerarekin etorri ziren batzuk eta besteak? Zenbat ziren batzuk eta besteak? Nolako egituraketa administratibo geneukan guk? Kanpotarrekin garai historiko diferente hauetan egon ziren kontaktu motak izan ziren ezberdinak. Identitatearen asimilazio prozesuaren gako nagusia, Euskal Herriko perimetroan lehenxeagotik hasita eta garatuta bazegoen ere, joan zen mendeko hasiera eta erdi aldean gertatzen da nabarmenen. Nire iritziz, joan zen mendeko bi kanpo-etorrera masibo horietan aurkitu behar da asimilazio linguistiko eta kulturalaren gako nagusiena. Eta ez dugu ahaztu behar industrializazioarekin eta estatu zentralistaren logikarekin sinkronizatuta dagoela azken etorrera hori; kulturalki metabolizatu ezin izan dugun kanpotar uholde hau. Kopuruz eta portzentajez asko izan dira, epe oso kontzentratuan etorri dira, euren nazioan daudela uste izan dute, asentatzera datoz eta Euskal Herriko erdi-guneetara ere hedatu dira. Nire irudikoz, gertuko garai historiko honetan gertatzen da garbiago Odriozolak dioen asimilazio prozesua.

Eta estatua lortu baino lehen, euskal identitatea ardazten duten gaurko elementu interesgarriak identifikatzea ondo legoke eguneroko jokabideak horrantz orientatzeko. Hemen ere praktikara zuzendutako berrikuntza eta ikerketa premian gaude. Batetik, belaunaldi berriei eta euskalgintzan espezialista ez direnei askatasun osoz entzun behar zaie; bestetik, identitate indibidualek diotenari aurreiritzi barik arreta fina jarri (ez gaude ariketa hori egitera ohituta eta gaur egun, inoiz baino gehiago, ezinbestekoa da);  eta horren ondorioz, proposamen estimulagarriak egin. Horregatik guztiagatik berreskuratzea baino gehiago gustatzen zait biziberritzea.

* Andoni Mujika irakaslea da.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskara
Zenbat kostatzen den euskaldun izatea

Euskara ikasi eta erabiltzen hasi nintzenean, berehala jabetu nintzen euskaldunentzat haietako beste bat gehiago bilakatu nintzela (gasteiztar euskaldun berria izanda azken bagoietakoa, baina barruan). Nire artean pentsatzen nuen Euskal Herria herri ederra zela; etimologikoki... [+]


2024-03-25 | Leire Artola Arin
Burbuilaren ostean badago zer erein

Irundik Baionara, ezin ezkutatuzkoa izan da 23. Korrikak eragindako harrotasuna. ‘Herri Harro’ leloak zentzua hartu duela ikusi dugu lekuko hartzaileen aurpegietan, eta atzetik euskararen alde oihuka aritu diren korrikalariengan. Bakoitzak bere gorputzetik eta bere... [+]


Eguneraketa berriak daude