argia.eus
INPRIMATU
Egoera zaurgarrian dauden euskal presoak askatzeko eskatu dute nazioarteko ehun bat eragilek
  • Pandemiatik babesteko eta Euskal Herriko bake prozesuan aurrera egin ahal izateko, euskal presorik zaurgarrienak berehala askatzeko eta batzuk baldintzapean aske uzteko eskatu diete Espainia eta Frantziako gobernuei nazioarteko 98 eragilek eta bost elkartek.

ARGIA @argia 2020ko maiatzaren 19a

60 urtetik gorakoak eta aurretik patologiaren bat edo gaixotasun larriren bat dutenak askatzeko diote eragileek, baita zigorren hiru laurdenak bete edo baldintzapeko askapenaren baldintzak betetzen dituztenak ere.

ETAk indarkeria 2011n amaitu zuen arren, bake prozesua osatu gabe dagoela diote eragileek eskutitz bidez, “motibazio politikoko” 230 preso baino gehiago daudelako oraindik espetxean. Ausart eta eskuzabal jokatzeko eta presoen auziari heltzeko eskatu diete Madril eta Parisi. “Nazioarteko esperientziagatik badakigu edozein bake prozesuk ez duela aurrera egiten presoen auzia kudeatu gabe”.

Idatzia sinatu dutenen artean dira hainbat gobernutako kideak, osasunaren arloko profesionalak, gizarte-erakundeak, giza eskubideen defendatzaileak, unibertsitateko irakasleak edo nazioarteko gatazketako bitartekariak; “guztiak ideologia desberdinetakoak”, nabarmendu du Sare Herritarrak: “Denek altxatu dute ahotsa, Espainiako eta Frantziako gobernuei gizatasuna euskal presoei dagokionean gizatasuna eskatzeko”.

Sarek berak egina du aurretik eskaera hori bera, eta gogoratu duenez, “Europako Kontseilua, Nazio Batuen Erakundea eta orain mundu mailako ehun pertsona esanguratsuren eskaria da” dagoeneko.