Ostegunean hiru hilabete beteko dira Gasteizko lorezainek greba mugagabea hasi zutenetik aho batez, ELA, LAB eta ESK sindikatuek deituta. Gasteizko parke, igerileku eta berdeguneak belar eta sasiek hartuta ikusteak oso ikusgarri egin du greba, baina iragan astean “zerbitzu minimoak” agindu zituen Jaurlaritzak eta normaltasuna bueltatzen ari da, gatazkak bere horretan jarraitzen badu ere. Grebaren eta balizko konponbideen gakoak aletu dizkio ELAren aholkulari Andoni Castro Vivasek ARGIAri.
Martxoaren 26tik Gasteizko lorezainak greban daude, enpresa batzordeak aho batez hala erabakita. Besteak beste, hitzarmen propioa aldarrikatzen dute. Zeintzuk dira egungo lan baldintzak, eta zeintzuk horiek hobetzeko aldarrikapenak?
Enviser enpresa kontratatzaileak lorezaintzako estatuko hitzarmena jarraitzen du, eta baldintza oso txarrak ditu, batez ere soldatei dagokienez, kasu askotan lanbide arteko gutxieneko soldataren mugan daude. Langileen errebindikazio nagusia enpresa-hitzarmen bat sinatzea da, hainbat hobekuntza jaso beharko lituzkeena: soldata igoera garrantzitsuak hemen dagoen bizi-kostuarekin bat etorrita, Espainiako Estatukoaren oso bestelakoa; lanaldia astean 35 ordura murriztea; osagarriak hobetzea eta arrisku plus bat izatea. Horiek lirateke aldarrikapen garrantzitsuenak.
Enviser enpresak eta Gasteizko Udalak onartzen dute lan baldintzak txarrak direla, baina ia hiru hilabeteko greban ez da akordiorik lortu horiek hobetzeko. Zergatik?
Udalak eta enpresak elkarri pasatzen diote pilota. Kontratazio baldintzen akordioa 2023tik 2027ra bitartekoa da. Udalak argudiatu du haiek ezin direla sartu, negoziazioa enpresarekin egin behar delako. Enpresak esan digu lau urte horietarako egin zen lizitazioan oinarrituta ez dela langileek aldarrikatzen dituzten soldata igoerak beren gain hartzeko gaitasunik. Pilota etengabe pasatze horretan, egia esan, oraintxe bertan egoera nahiko konplikatua dago.
"Udalak eta enpresak elkarri pasatzen diote pilota"
Grebaren ondorioak oso agerikoak izan dira orain arte, landaredia oso hazita dago parkeetan edo Gamarrako eta Mendizorrotzako udal igerilekuetan, eta horrek erabilera jakin batzuk baldintzatzen ditu. Zer iritzi ari zarete jasotzen herritarren aldetik grebaren aurrean?
Nahiz eta neurri batean egoera honek mundu guztiari eragiten dion, gasteiztarrak, oro har, langileen greba mugagabearen aldarrikapenak babesten ari dira. Jendeak ulertzen du beren lan baldintzak oso txarrak direla, eta laguntzen ari dira gure aldarrikapenekin jarrai dezagun eta horrela akordio bat lortu.
Nolanahi ere, greba gehien pairatzen dutenak langileak dira. Hiru hilabete greban, egoera delikatuak ere izango direla imajinatzen dut... Nola daude langileak?
Badaude une errazagoak eta zailagoak, baina jendea nahiko indartsu dago. Egia da Eusko Jaurlaritzak ekainaren 17tik aurrera gutxieneko zerbitzuak ezarri izanak erasan egin diela langileei, indarra galtzea ekar baitezake. Lorategiak, parkeak eta abar konpontzen ari dira... Hala ere, argi dute borrokarekin jarraituko dutela, ez direla geldituko.
"Gutxieneko zerbitzu horiek ikusita, badirudi lorezainena funtsezko lantzat jotzen dela; baina kobratzeko orduan ez omen da horren funtsezkoa"
Hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzak gutxieneko zerbitzuak agindu ditu, eta udalak txalotu egin ditu. Enpresa batzordeak salatu du gutxieneko zerbitzuak egiazki "maximoak" direla, zergatik?
Egin ohi diren ia zeregin guztiak normaltasunez egitea dakartelako. Gutxieneko zerbitzu horiek agintzen dute erabat segatzea, alde batetik, Gasteizko sei parke handiak [Aranbizkarra, Arriaga, Katedrala, Florida, Iparralde eta San Martin] eta beste bi parkeren [Judimendi eta Prado] perimetroa. Gainera, zirkulazioari begira ustez arriskua sor dezaketen biribilgune, oinezkoentzako pasabide eta bide-seinale guztiak. Hondakinak biltzera ere behartzen du. Hau da, ohiko lan guztiak egitea, ureztatzea eta ezer gutxi gehiago izan ezik. Neurriz kanpokoak direla uste dugu, bai. Errekurtsoa aurkeztu dugu auzitegietan.
Udalak "segurtasun" arrazoiak argudiatu ditu, suhiltzaileen eta trafiko zerbitzuaren txostenetan oinarrituta, suteak pizteko edo trafikorako arriskuak aipatzen dituztelako. Arrazoibide hori oinarritua dago?
Gutxieneko zerbitzu horiek ikusita, badirudi lorezainena funtsezko lantzat jotzen dela; baina kobratzeko orduan ez omen da horren funtsezkoa.
Bestalde, esanguratsua da gutxieneko zerbitzu horiek nola hasi ziren ezartzen: berehalako sute arriskuaz hitz egiten ari dira, baina segatzea erabakitzen den lehen parkeak erdialdekoak dira, Prado eta Florida, kasualitatez itzalik handiena duten parkeak eta, beraz, arrisku gutxien dutenak.
"Uste dugu Gasteizko Udalak zeresan handia duela gatazka honetan"
Duela aste batzuk balizko konponbide batez hitz egin zen: Enviserrek kontratuari uko egitea. Aukera hori zabalik dago? Ez badago, zein da irtenbidea?
Enpresak bileretako batean eman zuen aukera da hori. Udalak kontratua bi aldeen adostasunez deuseztatzeko aukera eman ziola aitortu zuen Enviserrek. Enpresak esan zigun ideia bere zerbitzu juridikoei eta enpresaren jabeei helarazi ziela, eta prest egongo zirela horretarako. Konponbidearen atarian geundela zirudienean, Beatriz Artolazabalek [PSE-EAJ udal gobernuko lehen alkateordea EAJren izenean, eta Espazio Publikoaren eta Auzoen Sailaren zinegotzi ordezkaria] zuzenean adierazi zuen hori erabat baztertuta zegoela. Badirudi oraintxe bertan aukera hori ez dagoela mahai gainean.
Artolazabal enpresaren bozeramailea dela ematen du, ez da kasualitatea udalak eta enpresak gutxieneko zerbitzuak egun bateko aldearekin eskatzea. Gasteiztarren aurrean ondo gelditzeak bakarrik arduratzen ditu, dena polit eta garbi egoteak. Baina horrek ez du ezer konponduko, ez du lagunduko akordioa lortzen. Egoera oso zaila da une honetan, baina langileek borrokari eutsiko diote.
Hiru hilabete hauetan langileek hainbat mobilizazio eta ekimen bultzatu dituzte, bilerak edo interpelazioak burutu dituzte. Zein dira hurrengo urratsak?
Asteazken honetan bilera dugu Precon, enpresak eskatuta. Hirugarren bilera izango da, aurrekoan guk modu formalean eskatu genuen hurrengo honetan gatazkaren hiru aldeak agertzea: langileak, udala eta Enviser. Udalak dagoeneko iragarri die hedabideei ez dela aurkeztuko, baina guk tematuta jarraitzen dugu. Uste dugu Gasteizko Udalak zeresan handia duela gatazka honetan.