"Egitura instituzionalen eztabaida indartuko du Hollandek"

  • Elkarrizketa: Mikel Asurmendi

    1949an jaioa. Hendaiarra da. PSko kidea. Pirinio Atlantiarreko presidenteordea. Hendaiako auzapez ohia. Hendaiako bozemaileen %67k François Hollanderen alde egin du presidentziarako bozetan. 2014ko udal bozetan alkatetzarako aurkeztuko dela adierazi digu.


2012ko ekainaren 03an - 00:00
Azken eguneraketa: 2014-03-25 09:12:03
“Zentro-eskuinarekin kohabitatzea izango litzateke, aukeren artean, okerrena”. (Gaizka Iroz)

Sarkozyren aroa amaitu da, Hollande da Frantziako presidente berria.

Hollande, niretzat, onestasuna da. Sarkozy, berriz, omnipresente izan da Errepublikako presidente izateko. Den-dena ukitu du eta ez du modu “onestuan” lan egin. Hautetsiok estigmatu gaitu nolabait, hala Erregioko nola Departamenduko kontseilariak. Hemen, Lurralde Elkargoaren alde ari garen hautetsiekiko jarrera gaitzesgarria ukan du Sarkozyk.

Hollandek Europan dauka lehenbiziko zeregina, ekonomiaren alorrean.

Bai. Hollandek hazkunde ekonomikoaren politika berritu behar dela dio. Garai berri baten aurrean egon gaitezke, alta, ez du zeregin erraza, Hollandek ezin baitu politika hori bakarrik egin. Garai berria lideratu dezake Alemaniari kontraboterea egiteko, zenbait argi eskaini dezake, baina, betiere, beste herrialdeekin batera. Merkel-Sarkozy tandema burdinazkoa izan da. Europako garapenaren eredu bakarra landu dute, eta, beharbada, badago ekonomia lantzeko beste modu bat. Frantziak eta beste herrialdeek aztertu eta proposatu behar dute gerriko estuaren politika saihesteko eredua. Ekonomiaren herstura edo austeritatea ondo dago, baina beste politika bat ere egin daiteke. Espainiako edo Greziako politikaren bidez jendea kale kantoietara baztertzen badugu, ez da Espainiaren edo Greziaren ardura bakarrik, ezta Frantziarena ere. Europa osoa inplikatua dago arazoan. Herstura soilaren politika medio, gero eta prekaritate eta miseria gehiago ageriko da.

Legebiltzarrerako bozak hizpide. UMPk dioenez, eskuinak irabazi behar luke oreka politikoa bermatzeko. Kohabitazioaren beharra aipatu du.

Noski, eskuina kolpatuta dago. Senatuan nagusitasuna galdu zuen eta orain Asanblea Nazionalean galdu dezake. Nire aburuz, Errepublikako presidenteak ez badauka Legebiltzarrean sostengu osoa, bere alderdiarena edo ezkerrarena, ezin izanen du deus egin. Zentro-eskuinarekin kohabitatzea izango litzateke, aukeren artean, okerrena. Hau da, presidentea ezkerreko izatea eta Asanblea Nazionala eskuinekoa. Eskuineko hautetsiak Senatutik, departamenduetatik eta udaletxetatik kanpo geratzen ari dira. Joko politikoa nahastu nahi dute eta Legebiltzarrerako hauteskundeak irabazi aldez edo moldez. Sarkozyk eskuinaren nagusitasunarekin gobernatu du, eta ez dute arazorik ikusi. Hori eskuinaren ohiko joko maltzurra da.

Nola ikusten dituzu hauteskundeak?

Legebiltzarreko hauteskundeetan ezkerrak berriz ere garaitzea espero dut. Hartara, Hollande presidenteak senatari eta diputatuen ganberen gehiengoaren laguntzaz bestelako politika egin ahal izango du. Bestela nekez. Egokiena hori litzateke. Bost urteko agintaldiaren ondoren ez badugu deus egin, gurea izanen da porrota. Alegia, boterea izan dugu eta ez dugu deus lortu. Aitzitik, botere horiek gabe, krisia tarteko, ezkerrak ezin baditu bere legeak atera eta bere politikak gauzatu, bada etsipena nagusituko da.

Hollandek François Bayrou zentristaren laguntza jaso du. Horrek zer alda dezake Frantziako politikan?

Bayrou biziki kuraiosa izan da, bere alderdia oso egoera zailean jarri du, behingoz, zentroko buruzagi batek esan du ezkerra bozkatuko duela eta horren zergatia azaldu du. Halere, MoDem-ekiko impassea zabaldu da, Bayrourena jarrera pertsonala baita. PSk eskertu dio, baina ez dio, esaterako, Departamenduari buruzko auzian sinesgarritasunik ematen. Bayrou oso zentrista izan da orain arte: ez eskuin ez ezker, zentrista. Zentroaren arazoa da bakarra izatea. Ezkerra badira anitz, eta eskuina ere bai. Frantzian zenbait zentro daudela diote, nik ez ditut ikusten.

Pirinio Atlantiarretan 4. 5. eta 6. hautes-barrutiak daude. PSk nola jokatuko du?

Berriz ere, hautagaitza denak jokoan izanen dira: FN, UMP, MoDem, Ezkerreko Frontea, Berdeak, ezker muturra, baita abertzaleak ere. PS tarteko, noski. Lehen itzuliko bozak bihotzeko bozak dira. Kontziente gara ez dugula ukanen Hollandek bigarren itzulian ukan dituen bozak. Hollanderen aldeko bozak baino Sarkozyren aurkakoak izan dira hemen ere. Antisarkozysta horien artean Bayrou zale eta abertzale zenbait ere badaude. Hasteko, lehen itzulian ez da aliantzarik izanen. Horrek badu bere arriskua, baina hobe garden jokatzea, aniztasunean. Emaitzak ezagututa, erabakiko dugu bigarrenean nola jokatu.

EH Bai koalizioarekin akordioak izan litezke?

Ez dira Departamenduko hauteskundeak. Ni ez naiz hautagaia, nik ez dut ezer ordezkatzen. Nire barrutian, 6.ean Sylviane Alaux da hautagai sozialista. Euskararen Bulegoan engaiatu da, eta Garapen eta Hautetsien kontseiluetan Lurralde Elkargo berri baten alde ari da. 4. eta 5. barrutietan Frantxoa Maitia eta Collete Capdevielle aurkezten dira PSren izenean. Beraien jarrerak ezagunak dira. Beraz, abertzaleek eskuina eta ezkerraren artean erabaki behar dute bigarren itzulian.

Nik abertzaleekin izan dudan esperientzia ez da ona. Udal bozetan [Battitte Salaberri da Hendaiako auzapeza] zentro-eskuinaren aldeko boza eman zuen abertzale askok. Udalbatzan UMPko kideak daude, eta abertzaleak ondo moldatzen dira eskuinarekin. Abertzaleetan zentro-eskuineko asko ikusten dut, denak ez dira ezkerrekoak. Familia abertzaletan, ez gutxi, tradizionalak dira. Ez omen dira eskuindarrak: “Ez naiz ez eskuin ez ezker, abertzalea naiz” diote. Errespetatzen dut, baina, nire ustez, ezkerra eta eskuina izan, badaude.

Lassallette auzapez sozialistaren garaian abertzale gisa aritu zinen udalean. Nazioa, frantsesa alegia, zure mintzoan ez zaizu bitxia egiten?

Ni errepublikarren semea naiz, heziketa errepublikarra dut. Mundu abertzalean aritu nintzen hogei urtez, abertzaleen politikan. Lagunak izan nituen ETAn. Une batez baina, ezin nuen aitzina egin. ETAren historia hauxe da: gazteak onak dira, zahartu eta historikoak bihurtzen dira. Orduan, gazteak bilakatzen dira onak. Lehenago aritu zirenak ez dira jada onak. Horrek etsiarazi nau. Nik ez dakit abertzale eta errepublikarra izan daitekeen, dena den, ni egungo egitura instituzionala aldatzearen aldekoa naiz.

Departamenduko presidenteordea zara eta zein egituraren aldekoa?

Euskal Herria Lurralde Elkargoaren egituraren aldekoa naiz. Eta bertan biarnesak eta euskaldunak gaude. Beraz, ezin dut alde batera utzi oraingo Departamenduaren aldeko ardura eta lana, biarnesen aldekoa. Anartean, nola aitzinarazi daiteke Iparraldea, nola Hegoaldea, gatazka konpondu gabe? Lehenik auzi historikoa gainditu behar dugu. Horren arabera egitura berriak definitu eta sortuko dira.

Hollanderen politikak lagunduko al du norabide horretan?

Sarkozyk Departamenduetako kontseilu nagusiak kendu nahi zituen eta Hollandek, aldiz, mantendu nahi ditu. Sarkozyk departamendu eta erregioetako finantza bitartekoak apaldu zituen eta gure betebeharrak gehitu. Hollandek, aldiz, eskuduntzak hitz eman dizkigu. Hollandek Lurralde Elkargoaren egiturei buruzko eztabaida indartuko du. Horiek horrela, kontsulten aroa zabalduko da. Senatuan badago batzorde bat, Georges Labazéek berak [Departamenduko presidentea] du ardura. Hasteko, kontsultak eginen dira zerbitzu guztietan, Euskal Herrian eta Biarnon, baina bereziki gurean, jakiteko jendeak zer nahi duen.

Abertzaleen galdera hauxe liteke: Mitterrandek hitzeman zuena Hollandek beteko al du?

Hollandek ez du deus hitzeman, baina egitura instituzionalaren eztabaida jarri du abian. Alabaina, oraingo egiturak aldatzeko lege bat behar da, eta berau ez du presidenteak sortzen, diputatuek baizik. Gure aldetik, sozialisten aldetik, borondatea badago. Euskal Herriko nortasun berezkoa baita.

Baterak proposatzen duen kontsulta egin liteke? Zu Baterako kide zara.

Bai. Baina galdera ongi planteatu behar da. Hots, lehenik komeni da jakitea ea kontseilarien eta hautetsien gehiengoa Lurralde Elkargo berri baten alde dagoen. Ondoren, populazioaren gehiengoa ados ote dagoen berresteko. Nire ustez, egun erreferenduma egingo balitz, ez genuke irabaziko. Agian tronpatzen naiz. Egungo hautetsien nahikariaren arabera bada, ez da aurrera aterako.

Euskal Herrian ere ez?

Hori puntu erabakiorra da. Orain lanean ari gara udazkenean bide orria abian jartzeko. Herri txikietako hautetsien gehiengoa alde dago, baina Miarritze eta Angeluko auzapezak isilik daude. Baionako Jean Grenetek aldeko zerbait esan du. Alliot-Marie itzuli da hona, bost urteren ondoren. Kasu. Dena den, gehien ardura didana Herrien Elkargoen presidenteen jarrera da. Erregioaz eta Departamenduaz ari gara, baina horiek ere badute boterea eta laxatu behar dute. Ez dute garbi hitz egiten. Alta, bada, eztabaida segitu behar dugu, udazken aldean irits gintezke adostasun puntu batera.

Sarkozyk euskal presoen hurbilketa posiblea aurreikusi zuen. Hollandek zer egin dezake alor horretan?

Gu lanean ari gara. Frederique Spagnac da Pirinio Atlantiarreko senataria. Oso laguna dut. Hollanderen kabinetean egon da orain arte. Hollande entzuten gaituen pertsona da. Spagnac, Frantxoa Maitia eta Sylvia Alauxen mezuak ondo ezagutzen ditu. Izan ere, gure mezuak paristarrek hartu eta zabaltzen badituzte, mezua eraldatua izan daiteke, aldiz, guk mezu zuzena helaraziko diogu Hollanderi. Gure problematiken berri eman diogu jada, ezkerrekoak, humanistak eta errepublikarrak garen aldetik, baita Hegoaldeko egoeraz hitz egiteko beharra azaldu ere.

Abertzaleekin ez gaude ados proposamen guztietan, baina gaien %80an ados gaude. Alderdi sozialistan jende askok biziki eboluzionatu du. Gurean badago aldaketen kontra daudenak, egia da. Baina, Spagnac, Maitia, Alaux... alderdi sozialistaren mailetan gora ari dira. Pertsona hauek bertako gaien eledunak dira edota gara. Pauen, Bordelen eta Parisen hemengo sozialistek dioguna arretaz entzuten dute.


Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude