Egiptoko partida luzea izango da oraindik

  • Aste hasieratik zeukan estatu-kolpe usaina Egiptoko militarren ultimatumak eta bide horretako lehenbiziko urratsa eman zuten atzo armadak Morsi kargutik kendu ostean. Baina ez litzateke oso zehatza dena aste honetako prismatik bakarrik aztertzea, Egipton 2011ko urtarriletik ikusten ari garen gertakarien konplexutasunari muzin egitea litzateke.


2013ko uztailaren 04an - 00:00
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37:33
Morsi boteretik kendu ostean eta militarren erabakiak gorabehera, herritarren mobilizazioek zeresana emango dute.

Denok ulertu genuen Mubarak tronutik botatzea iraultza klasiko baten ezaugarrien arabera; eta beharbada hortik datoz oraingo ulermen arazoak: Morsi militarrek bota dute, baina ezin da ukatu herriaren zati handi baten mobilizaziorik gabe, Anaia Musulmanak ez zirela orain gobernutik kanpo egongo.

The Guardian egunkariak gaurko azalean jarri duen moduan, Egiptoko bigarren iraultzaren aurrean ote gaude orduan? Mubaraken garaiko elementuak berriz agertzen hasi direla kontuan izanda, nola esan halakorik? Zer da orduan, kontrairaultza? Iraultza egin zuten manifestari berdinen eskutik?

Iraultzaren eta erreformaren artean

Asef Bayat soziologoak New Left Reviewn aurtengo apirilean argitaratutako artikulu batek eman ditzake gertatzen ari dena ulertzeko pista onak. “Iraultzak garai txarretan” izeneko testuan, 2011tik Egipton ikusten ari garen gertakariak –baita Tunisiakoak ere–, iraultza eta erreformaren arteko leku zehaztugabe batean kokatu zituen –“refolution” hitza erabili zuen fenomenoa deskribatzeko, “reform” eta “revolution” hitzen erdibideko zerbait–.

Egiptoko masa-mugimendua, Bayatek dioenez, erreformak gaur egungo erregimenetako erakundeen bidez lortu nahi dituen iraultza da. Eta hori lortzeko modua etengabeko mobilizazioa da, baita herri-mugimenduen etengabeko zaindaritza ere. “Gainontzean errefoluzioek kontra-iraultza berrezarteko etengabeko arriskua dute, iraultzak ez direlako egin estatuko boterearen gakoa diren erakundeetan”. 

Zergatik hartu duten Egiptoko eta Tunisiako herri-matxinadek halako izaera? Bayaten nabarmentzen dituen ezaugarrien artean, diktadoreak oso azkar erori izana kontuan hartzekoa da. Horrek pentsarazi zuen iraultza bukatu zela eta helburuak lortu zirela: hauteskunde demokratikoak Egipton, herritarrek gehiengoz hautatutako presidentea eta hortik aurrera ibilbide “normala”.

Tira, ba badirudi halako normaltasunik ez dutela izango puska batean Egipton: Mubarak bota zuten manifestarien erabakimen faltak, antolakuntza arazoek, ikuspegi estrategikoaren gabeziak eta lidergorik ezak aukera paregabea eman zien duela urtebete Anaia Musulmanei boterea hartzeko, iraultzan rol mugatua jokatu zuten arren, hobeto antolatuta zeudelako. Haien gobernatzeko moduarekin pozik ez eta kalera atera direnean, jende kopuruari begiratuz historikotzat jo litezkeen mobilizazioetan, militarrak agertu dira eszenan berriz.

Dena den, Tahrir plazako manifestarien presentziak berak asko zailduko dio armadari gobernu diktatoriala ezartzea. Morsi boteretik kendu aurretik ere, behin eta berriz errepikatu dute ultimatumaren helburua ez zela boterea beren esku hartzea eta badirudi trantsizio berri bat izango dela partidako hurrengo jokaldia.

Iraultza luzea

Partidaren luzera, ordea, ez da nolanahikoa izango. Itxura guztien arabera, luzapena eta penaltiak izango ditugu. Iraultzaren eta erreformaren artean kokatuta egote horrek, Egiptoko herri-mugimenduari zera dakarkio onenera: amaitu gabeko prozesua dela eta beraz, une bakoitzean agintea hartzen duenak plaza okupatzen duten manifestarien eskariak betetzen ez baditu, gobernu-aldaketaren aukera beti egongo dela mahai gainean –nahiz eta horrekin 2011ko espirituarekin zerikusirik ez duten indarren agerpen oportunistei ere atea zabaltzen zaien–.

Laburbiltzeko, Bayatek dio Raymond Williamsek The Long Revolution (Iraultza luzea) liburuan teorizatutakoaren aurrean egon gintezkeela Egipton. Iraultza konplexu bat, esparru ugari ukituko dituena, ekonomikotik eta sozialetik harago, kultura eta pertsonen arteko harremanak alda litzakeena. Urteak iraun ditzakeen prozesua izango da bere ustez eta, unean uneko gertakarietatik harago, ikuspegi zabalagoz aztertzea eskatuko du.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Egipto
Mizerinok eztabaida piztu du

Mostafa Waziri Egiptoko Antzinaroko Kontseilu Goreneko idazkari nagusiak Mizerinoren piramidea zaharberritzeko proiektu erraldoia aurkeztu du berriki: Gizako piramiderik txikiena granitozko blokez estaliko dute, jatorrizko itxura berreskuratu dezan. Wazirik proiektua gogo biziz... [+]


Esfingea haizeak zizelkatu zuen

New Yorkeko Unibertsitateko ikerlari talde batek esperimentu bat egin  berri du, Gizako esfingearen materialak eta eraiki zuten garaiko baldintza klimatikoak imitatuz.


Sei Egunetako Gerra: ezpata esku batean, gezurra bestean

Gerra eta gezurra bat doaz eta oso gaitza da jakitea gerra batean nor zertan dabilen kazetariak edo bestelako iturriak tartean ez badira. Israelek historikoki erakutsi du ezpata dantzatzeko indarra eta gezurra maneatzeko abilezia. Orain Gaza bonbardatzen ari denean, ospitaleei... [+]


Gazan garbiketa etnikoa egiteko plana baztertu behar izan du Bidenek

Joe Bidenen agindupean, AEBetako gobernuak Gazan garbiketa etnikoa gauzatzeko planak egin zituen 2,3 milioi palestinar Egiptora bidaltzen saiatuta. "Biden presidentea beste herrialde batzuekin batera plana lantzen ari da, zibilek Gaza utzi eta Egiptorako muga segurtasunez... [+]


Esklabo, sultan eta gurutzaden garaile

Kairo, 1250eko maiatzaren 2a. Shajar Al-Durr Egiptoko sultan izendatu zuten. Ez zen emakumezko lehen sultana izan; urte batzuk lehenago, 1236an, Raziak Delhiko sultan kargua hartu zuen. Baina esklabo izatetik agintari gorena izatea lortu zuen lehena izan zen.


Eguneraketa berriak daude