Mohamed Morsi Egiptoko presidenteak uko egin dio armadak astelehenean egindako ultimatumari eta ura eztarrian gora doakio. Militarren berragertzeak zalantza ugari sortu ditu herrialdean bertan eta nazioartean. Horiek argitzeko, ez da txarra Alain Greshek Le Monde Diplomatiquen webgunean daukan blogean idatzi duen “Egipto, armada eta herria bat eginda?” artikulua irakurtzea.
Greshek memoria freskatzeko ariketa egin du, esanez ez dagoela soberan gogoratzea militarrak izan direla Mubarak erori osteko trantsizio kaotikoaren arduradun nagusiak.
2011ko iraultzan eta ondoren egin dituzten sarraskiak nabarmendu ditu: errepresioa, pertsonak desagerraraztea, ehunka lagunen tortura… “Baldintza horietan, urduritzeko arrazoiak ematen ditu Tamarod mugimenduaren, Morsi botatzeko sinadura-kanpainaren sustatzailearen, adierazpenak: ‘Armada herriaren alde jarri da’. Batez ere, oposizioak ideia hori hartu duelako. Memoria motza dute”.
Morsik gauzak gaizki egin dituela azpimarratu arren, Greshen ustez oposizioa Anaia Musulmanen gobernuaren kontra itsutu da, Mubaraken erregimeneko kideei berriz ere botere guneetako ateak zabalduz. Erakusgarri argiena, ordezkari gisa Mohamed El Baradei hautatu dutela, kontuan izanda 2005eko Nobel Sariaren irabazlea prest agertu dela Hosni Mubaraken Alderdi Nazional Demokratikoko kideak onartzeko.
Siriak haserretu du armada?
Egypt Independent webgunean irakur daitekeenez, herriarekin bat-egite espontaneotik harago, Egiptoko ejerzitoko kideek badituzte bestelako motiboak Morsi boteretik kendu nahi izateko. Eta motibo horien artean bat, handia, Siria da. Anaia Musulmanen alderdiko presidenteak ekainaren 15ean Assaden aurkako interbentzioaren aldeko jarrera erakutsi zuen.
Atzerriko gerretan sartzearen aldeko keinu horrekin "segurtasun nazionaleko marra gorria" gainditu zuen Morsik, izenik ematen ez duen armadako iturri baten arabera. Egipton yihadista belaunaldi berri bat sortzeko arriskua ikusi dute zenbait militarrek Egypt Independenteko artikuluaren arabera.
Morsiren osteko Egipto diseinatzen
Gaur arratsaldean bukatuko da militarrek astelehenean emandako 48 orduko tartea. Ahram Online webgune egiptoarrean irakur daitekeenez, atzo tentsio handiko bilera-eguna izan zen. Morsiren ondoren estatua nola antolatu eztabaidatu zuten militarrek, oposizioko kideek, inteligentzia zerbitzuek, poliziak eta epaileek, egoera bideratzeko formula ia-konstituzionalen xerka.
Militarrek estatu kolpe bigun bat nahi dutela dirudi, Morsik telebista bidez boterea lehen ministro berri baten esku uztea espero baitute.