argia.eus
INPRIMATU
Egiptok hiru urratsetako su-eten plana luzatu die Israel eta Hamasi
  • Egiptoko iturri ofizialek jakinarazi dute su-etenerako plana aurkeztu dietela Israelgo Gobernuari eta Hamasi. Dia Rashuan Egiptoko Informazio Zerbitzu buruak baieztatu du eskaera eta azaldu du aldeekin hitz egin eta haien nahiak kontuan hartuta plan bat landu dutela.

Xabier Letona Biteri @xletona 2023ko abenduaren 29a
Mahazi errefuxiatuen eremuaren aurkako erasoan Israelek 70 hildako eragin zituen. (Argazkia: Mahmud Hams / AFP)

Aldeei proposamen zehatza luzatu dietela adierazi du Egiptoko goi ordezkariak eta orain erantzunaren zain daudela. Europa Presseko iturriak aipatuta, The Guardian-ek dio Hamasek erantzun duela ordezkaritza bat bidaliko duela Egiptora plana aztertzeko, baina, edozein kasutan, ez duela su-etenik onartuko Israelgo Armadak Gazako erasoak eten arte.

Rashuanen erranetan, orain zain daude Egipton, eta erantzunen bat izan arte ez dute xehetasun gehiago emango. Hala ere, Qatarreko Al Jazzera hedabideak jakinarazi duenez, proposamenak hiru maila ditu: lehenengo urratsean Israelek eta Hamasek bahituak eta preso palestinarrak trukatuko lituzkete, zazpi-hamar eguneko su-eten batean; bigarren urratsean, Hamasek preso dituen Israelgo Armadako emakumeak eta preso palestinar gehiago trukatuko lirateke, eta su-etenak astebete gehiago iraungo luke.

Hirugarren fasean hilabeteko negoziazio epea zabalduko litzateke, eta Israelgo militar gehiago eta palestinar presoak trukatuko lirateke; azken urrats honetan, Israelgo Armada Gazatik aterako litzateke eta Gazan gobernu teknokrata bat eratu.

Gantz: “Gerra asko gogortuko da”

Bitartean, Israelgo oposizio buru eta Gerra Gobernuko kide den Benny Gantzek ostegunean adierazi zuenez,“gerra asko luzatuko da” eta “Hamasek irudika dezakeena baino sakonagoa” izango da. Eta orain artekoak ikusita, ez da samurra irudikatzea “gehiago” eta “sakonago” horiek zer esan dezaketen.

Hala ere, analista gehienen ustez, Israelgo Armadak ezin izango du Hamasekin amaitu. Israel erasoaldi militarretik garaile aterako den zalantzarik ez du inork, baina gero eta gehiagoren ustez, beste gerra handi bat galtzen ari da: nazioarteko iritzi publikoarena. Ikerketa ugariren esanetan, urriaren 7ko Hamaseko erasoen ondoren, nazioarteko iritzi publikoaren zati handi batek enpatiaz begiratu zuen Israelera, baina ondorengo eraso handi eta basatien erruz munduan barrena gero eta kritika gehiago jasotzen ari da. Israelgo bertako medioetan ere irakur daitezke gisa horretako analisiak, esterako The Times of Israel-eko artikulu honetan.

“Munizio okerraren biktimak”

Ostegun honetan Israelgo armadako ofizial batek bideo batean onartu duenez, joan den abenduaren 25ean Gazako Mahazi errefuxiatuen eremuaren aurkako erasoan munizio desegokia erabili zuten, eta ondorioz zibil ugari hil zituzten, Gazako Osasun Ministerioaren arabera 70 hildako eta dozenak zauritu. Armadako bozeramailearen esanetan, ikerketa ireki dute gertatutakoaz eta aurrerantzean arreta gehiagorekin arituko dira.

Gaur egun Israelgo Armada eta Hamasen arteko borroka gogorrenak Gaza erdialdean ematen ari dira, eta Israelek dagoeneko hil ditu 21.300 palestinarretik gora, gehienak airez egindako erasoetan, eta horietatik 8.000 baino gehiago haurrak. Gazako eraikinen bi herenak dagoeneko suntsitu dituztela kontuan hartuta, Israelgo Armadako bozemaileen adierazpenak sinesgarritasun gutxi dute. Are gehiago jakinda eraso horietako asko inteligentzia artifizialak gidatutakoak direla.