argia.eus
INPRIMATU
Udako kultur gomendioak
Egiari zor

Lander Arbelaitz Mitxelena @larbelaitz 2018ko uztailaren 27a
The Underground Railroad. Colson Whitehead. Doubleday (2016). 316 orrialde.

AEBetako hegoaldeko kotoi plantazio batean jaio den Cora neska gaztea da nobela honetako protagonista. Bere ama ere bertan jaio zen, gizon zuriaren gupidagabekeria agerian uzten duen leku gorrotagarrian. Milioika eta milioika lagun bezala, Afrikatik indarrez eraman zuten amona esklaboaren oroitzapenek kokatzen dute nobela. Corak, egun batean, ihes egitea erabakitzen du. Heriotza eta tortura oso presente izanagatik ere, askatasunaren bila egiten duen bidaia kontatzen du liburuak.

AEBetako esklaboei ihes egiten laguntzeko antolatu zuten sare klandestino historikoaren izena darama liburuak: Lurpeko burdinbidea. 1800 urte inguruan hasi ziren ekintzaile abolizionista hauek modu honetara antolatzen eta 1860 bitartean, milaka esklabori lagundu zieten iparraldeko estatuetara eta Kanadara heltzen, nahiz eta askok beren bizitzarekin ordaindu zuten hori egitea. Burdinbidearen bidez, egileak historia eta fantasia nahasten ditu, modu ederrean.

Colson Whitehead idazlea.

Colson Whitehead idazle afroamerikarrak idatzitako eleberri honi 2017an Pulitzer saria eman zioten. Ez dute euskaraz argitaratu; frantsesez Underground railroad izenburupean argitaratu dute; gaztelaniaz, El Ferrocarril Subterráneo.

Iraganari buruzko kontaketa argigarri, irudimentsu eta zorrotz honen pasarteetako batean, protagonistetako bat zahartu da eta Lehen Mundu Gerrari buruz irakurtzen ari da. Bere ustez europarren gerra izugarria eta bortitza da, baina izenarekin ez dago ados: “Guda Handia beti izan da zuriena beltzen aurka. Eta beti izango da horrela”.