argia.eus
INPRIMATU
Egiari Zor fundazioak Brouarden eta Muguruzaren omenaldia baliatu du eskatzeko biktimen aitortzarako EAEko legea berritzea
  • Gaurko egunez urtero moduan, estatu aparatuak hildako ezker abertzaleko politikari Santi Brouard eta Josu Muguruza oroitu dituzte Bilbon. Fundazioak baliatu du aurkezteko biktimen aitortzarako legea berritzeko helburu duen dinamika berri bat. Giza Eskubideen Sailaren konpromisoarekin batera landuta eta adostuta dagoela jakinarazi dute, eta lortu nahi dute gaur egun Estatuak alde batera utzita dauzkan milaka biktimei aitortza ofiziala ematea.

BeƱat Badiola Etxeberria 2025eko azaroaren 20a
Egiari Zor Fundazioa

Bilbon Ametzolako auzoan egin du Egiari Zor Fundazioak Santi Brouard eta Josu Muguruza hil zituztela 41 eta 36 urte bete direla oroiteko lore eskaintza. Estatu terrorismoak hildako bi politikari horiek urteurrena baliatu nahi izan du fundazioak gaur egun Estatuaren “kontakizun ofizialak” alde batera utzitako biktimak gogora ekartzeko. Salatu dute milaka biktima hauek oraindik ez direla sartzen biktimen aitortzarako EAEko legean. Omenaldi honekin lege hori aldatzeko helburua duen dinamika hasi dute.

Dinamika berri honekin esan dute biktimen eskaera guztiak Eusko Jaurlaritzan erregistratuko dituztela. Fundazioak hasi duen dinamika Giza Eskubideen Sailarekin landu eta adostu ostean aurrera ateratako konpromiso bat da, horren xedea bizipen mingarri bakoitzari izaera ofiziala ematea da, baita komunitate baten aurka erabilitako biolentziari dimentsio ofizial bat islatzea ere.

Gaur egun, biktima horietako askori prozesu horretan sartzea eragotzi zaie. Era honetan, lege-berritze honek “babestu beharreko biktimologikoa erdigunean jarriko luke” eta mekanismo integral, eraginkor eta berdintasunezkoak bilakatuko lituzke, biktima hauek gainerako biktimengan pairatzen duten “asimetria” gainditzea ahalbidetuz. Era berean, eskabide honek  ezarri beharko luke izapidetzeko epe berri bat, legeak jaso beharreko urraketen dimentsioarekin bat etor dadin.