argia.eus
INPRIMATU
Egiari Zor-ek NBEren gomendioak betetzea eskatu die Espainiako erakundeei
  • Egiari Zor elkarteak pozgarritzat hartu du Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen Batzordeak Espainiako Estatuaren indarkeriaz egin duen txostena. Elkarteak azpimarratu du txostenak Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak dokumentatutako 5.000 tortura salaketak balioan jarri izana, “eta egindako tortura txostenei dagokienez erakundeei egiten diegun eskaera berresten du, txosten horiek tiradera batean sartuta jarrai ez dezaten”.

ARGIA @argia 2025eko uztailaren 21
Torturaren ondorioz hil zen Joxe Arregiri Zizurkilen egindako omenaldia, 2023an. Egiari Zor Fundazioa.

NBEren Giza Eskubideen Batzordeak uztailaren 18an eman zituen argitara Espainiako Estatuari zuzendutako gomendioak. Estatuko legedia kritikatzen du batzordearen txostenak eta dio “definizio desegokia” daukala, “ezarria duen preskribatzeko epeak inpunitateari bide eman diezaiokeelako”. Txostenak dio tortura kasuek ez dutela preskribatzen. Bestalde, batzordeak eskatu dio Espainiako Estatuari Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak dokumentatuta dauzkaten 5.000 tortura kasuak ikertzeko.

Egiari Zor elkartearen ustez, Giza Eskubideen Batzordearen txostenak “inflexio-puntua” izan behar du, “onbideratze demokratikoari ekiteko, estatu-bortxaren biktimok jasaten dugun diskriminazioa amaitzeko, itxuragabetzen gaituen ukazioa bukatzeko eta egileek duten inpunitateari amaiera emateko; bertan behera utzi beharreko funtsezko elementua da inpunitatea, hori guztia berriro ez dela errepikatuko bermatzen duen bizikidetza-esparruaren alde egin nahi badugu”. Elkarteak gehitu du txostenak inflexio-puntua izan beharko lukeela Espainiako Estatuarentzat, baina baita Euskal Herriarentzat ere, “non Ertzaintzaren esku 300 tortura kasu baino gehiago erregistratu diren, arduradunentzat inolako ondoriorik izan gabe”.

Aurreko pausoak

Egiari Zor-en ustez, Euskal Herriko Giza Eskubideen Behatokiak egindako lana aintzat hartu du NBEren txostenak. GEBehatokiak haren lanaren berri eman zion NBEko Giza Eskubideen Batzordeari, eta ondoren, batzorde horrek Espainiako Gobernuaren ordezkaritza bat ere aditu zuen. Ondoren atera du txostena NBEak, eta Egiari Zor-en ustez, GEBehatokiaren informazioa kontuan hartuta egin dizkio gomendioak Espainiako Estatuari.