argia.eus
INPRIMATU
EEPri begira egin da Euskararen Eguna Ipar Euskal Herrian: “Euskarak behar duen aurrekontua bozkatu!”
  • Abenduaren 11n izanen da Euskararen Erakunde Publikoaren biltzar nagusia, zeinetan bozkatuko dituzten hitzarmen berria eta aurrekontua. Euskararen Egunaren kari, EEPren egoitzaren aitzinean elkartzeaz gain, euskalgintzako eragileek lekuan leku entzunarazi dute "euskarari trufarik ez!" mezua. Hizkuntza politika eraginkor bat aldarrikatzeko protesta eguna izan da.

     

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2025eko abenduaren 4a
Guillaume Fauveau

"Ez dakigu bozkatuko duten aurrekontua zenbatekoa izanen den eta horregatik bilduak gara, euskarak behar duenaren heinekoa izan dadin eskatzeko, baliabide egokirik eta estrategia argirik gabe ezinezkoa izanen baita hemendik 2050era populakuntzaren %30a euskalduna izatea, EEPk aurkeztu perspektiban jaso bezala". Mezu hori zabaldu du Euskararen Erakunde Publikoaren egoitzaren aitzinean egin elkarretaratzetik Euskal Konfederazioak. Abenduaren 11n izanen da Euskararen Erakunde Publikoaren biltzar nagusia, zeinetan bozkatuko dituzten hitzarmen berria eta aurrekontua. Euskararen Erakunde Publikoa: heldu da hitzarmen berria bozkatzeko tenorea erreportajean duzue hitzordu garrantzitsu horri buruzko nondik-norakoa.

Horrez gain, euskalgiltzako hainbat eragilek, bakoitzak beretik, luzatu diote mezu bera: "Euskarari trufarik ez!". Beraien jarduera duinki eta baldintza egokietan aitzina eramateko eskubidea aldarrikatu dute, beti ere EEPren aurrekontuaren emendioa galdetuta. "Maizegi ahanzten dugu zifren gibelean pertsonak badirela, egunerokoan xinaurri lana eramaten dabiltzanak euskararen irakaskuntzan, transmisioan eta erabileran, eta horiei ere errespetua zor zaie, ez zaie trufarik egin behar", adierazi du Euskal Konfederazioak Baionako elkarretaratzean.

Euskararen Nazioarteko Egunaren kari egindako elkarretaratze zenbait.

Mobilizaziorako deia luzatu dute: "Badakigu denen mobilizazioari esker euskara larrialditik ateratzea lortuko dugula, bakoitzak dagozkion ardurak hartuz gero". Euskalgintzari noski, baita herritarrei eta hautetsiei ere galdetu zaie mobilizatzea. Ondoko hitzordua abenduaren 27an jarri du Euskal Konfederazioak, Bilbotik entzunaraziko den euskararen pizkundearen aldeko aldarrian parte hartzeko.

EHE, Baionako Euskal Museoan 

Egun berean ekintza burutu du Euskal Herrian Euskaraz-ek Baionako Euskal Museoan. Bernat Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae liburua bertan da azarotik urtarrilera arte, BNF Frantziako Nazio Liburutegiak Parisetik ekarria. Liburua Euskal Herrian gelditzearen aldeko aldarria entzunarazi dute dozena bat lagunek.

EHEren protesta abenduaren 3an, Baionako Euskal Museoan. Argazkia: Ici Pays Basque