"Egungo baldintzetan" EEP Euskararen Erakunde Publikoak berritzeko hitzarmena sinatuko ez duela mehatxu eginda, Euskal Hirigunearen Elkargoak sei hilabete eman die erakunde publikoa osatzen duten partaideei Parisekin negoziatzen jarraitzeko. Astelehenean agerraldia egin dute Maider Behotegi EEPko lehendakariak eta Aitor Aldasoro Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak. Bi erakundeek urtero eragile pribatuei ematen dizkieten diru laguntzak aurkezteko egin badute ere agerraldia, EEPren etorkizuna izan dute hizpide, kazetari gehienek galderak horretara bideratuta.
EEP Euskararen Erakunde Publikoak zeresana eman du azken egunetan, 2022az geroztik berritu gabe egon ostean, Frantziako Estatuaren partetik aurrekontuaren emendatzea jaso baitzuen joan den ostiralean, baina ez espero zen neurrian. Izan ere, EEPren biltzar nagusian, Frantziako Estatuaren ordezkariek iragarri zuten Parisek 100.000 euro gehiago emango dizkiola erakundeari, eta euskalgintzako hainbat eragilek gaitzetsi dute inbertsio hori ez dela nahikoa. Esaterako, Jean Rene Etxegarai Euskal Hirigune Elkargoko lehendakariak eta Antton Kurutxarri hizkuntza politikarako lehendakariordeak ostiralean agerraldia egin zuten, eta ohartarazi "egungo baldintzetan" ez dutela sinatuko EEP berritzeko hitzarmena. Hain justu, 2023ko uztaileko bileran beharrak zehazteko dokumentu bat prestatu zuten, ebatzi aurrekontuari 2,6 milioi euroren ekarpen osagarria egin beharko litzaiokeela ondorioztatuta –partaide bakoitzak 650.000 euro gehiago jarri beharko lituzkeela–. Adostasunik ez zenez, kopurua 300.000 eurora apaldu zuten iazko abenduan. Parisek hitz emandako 100.000 euro horietatik urruti beraz.
Aitor Aldasoro Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordearekin egindako agerraldian, EEPko lehendakari Maider Behotegik aitortu du Frantziako Hezkuntza Ministeriotik diru gehiago jasotzea espero zutela. 2007tik urtero eragile pribatuei ematen dizkieten diru laguntzak aurkezteko zuten agerraldia, baina EEPren aurrekontuaren gaiak hartu die gaina. Euskararen erakunde publikoa "iraunarazteko" helburua berretsi du Behotegik: "Orain 100.000 euro ditugu, eta horiek eskuratzea bermatu behar dugu".
Euskal Hiriguneak epemuga jarri die EEP osatzen duten kideei Frantziako ordezkariekin elkarrizketekin eta negoziazioekin jarraitzeko: sei hilabete. Behotegik, ordea, ez du irudikatzen erakunde publikoaren amaiera: "Nora joango lirateke gaur egun hizkuntza politikarako jartzen diren lau milioi euroak?".
Iazkoari jarraipena
2007tik urtero osatzen dute Eusko Jaurlaritzak eta EEPk hizkuntza alorreko Ipar Euskal Herriko eragile pribatuei laguntzeko funtsa, eta gutxienez 2029ra arte jarraituko dute horrela, aurten berritu baitute bien arteko lankidetza. Iaz banatutakoari jarraipena emanez, aurten ere ia 1,8 milioi euro banatuko dituzte hamalau eragile nagusienen artean –besteak beste, 400.000 euro jasoko ditu Seaskak eta 520.000 euro AEK-k–. Gainontzekoa hizkuntza jarduera proiektu deialdiaren bidez banatuko dute.