Barack Obamak AEBen bitartekaritza eskaini dio Israeli Gazan su-etena lortzeko. Palestinako Aginte Nazionaleko (ANP) Mahmud Abbasek ere laguntza eskatu dio John Kerry AEBen Estatu Idazkariari helburu berarekin.
Eskala handiagoko erasoen arriskuarengatik kezkatuta dagoela adierazi dio Obamak telefono bitartez Benjamin Netanyahu Israelgo Lehen Ministroari. Horregatik, bere laguntza eskaini dio Israeli, Hamasekin su-etena lortzeko. Zibilen bizitzak babesteko bi aldeek ahaleginak egin behar dituztela ere esan du.
Hala ere, ez dirudi Netanyahuk lasaitasuna berreskuratu nahi duenik. Israelek “defendatzeko eskubidea eta beharra” duela adierazi du, eta Gazaren kontrako erasoekin jarraituko du “Hamasen azpiegiturekin bukatu arte”.
AEBak, Israelen aliatu
Etxe Zuriak komunikatu batean adierazi du AEBek Israelen kontrako erasoak kondenatzen dituela eta “eraso horietaz defendatzeko duen eskubidea” aitortu dio Netanyahuren gobernuari. “Ertz Babesle” operazioak 88 hildako utzi ditu jada 72 ordutan.
Kataluniako Parlamentuak palestinar, kurdu eta sahararren autodeterminazio eskubidea ukatu du
Herri palestinarraren eta kurduaren autodeterminazio eskubidea eta Saharak erreferendum loteslea egiteko eskubidea bermatzea eskatzen zuen mozioa atzera bota dute Kataluniako Parlamentuan CiUren eta PPren bozkekin. Generalitatearen eta Israelen arteko harremana berretsi dute horrela.