argia.eus
INPRIMATU
Edinburgoko Dukea hil da 99 urterekin
  • Edinburgoko Felipe Elisabet II.a Ingalaterrako erreginaren senarra hil da 99 urterekin. Erregina britainiarrarekin ezkondu zen duela 72 urte eta printzea izan da azken 69 urteetan. Lau seme-alaben aita, zortzi biloben aitona eta bederatzi biloben birraitona, Edinburgoko Felipe zen Europako monarkien dekanoa.

Xabier Letona Biteri @xletona 2021eko apirilaren 09a
Edinburgoko Dukea Ingalaterrako erreginarekin. (Argazkia: Semana)

Andres Greziakoa printzearen eta Alicia Battenbergekoa printzesaren seme gazteena, 1921eko ekainaren 10ean jaio zen Korfun (Grezia), printze greziar bezala, baina beti britainiarra izan zen. Bere osaba Luis Mountbatten Indiako erregeorde ospetsua –IRAk hil zuen 1979an– izan zen mutikoaz arduratu zena eta, nolabait, Ingalaterrako koroa kontrolatzeko ametsa betetzeko hezi eta erabili zuena.

Ez zen Ingalaterrako erregina baten lehen senarra izan, mende bat lehenago Alberto Saxoniakoa Victoria erreginarekin ezkondu baitzen. Feliperen osaba Mounbattenek beti desio izan zuen Buckinghamera iristea eta hori bere ilobaren bitartez lortu zuen, bera babestu zuen, eta kronikek diotenez, ez zuen lan handirik izan Isabel printzesa maitemindu zezan konbentzitzeko.

Felipe Edinburgokoaz beti esan da primeran onartu zuela Buckinghameko filmean egokitutako bigarren aktorearen papera. Gentlemantzat hartu izan da eta ingeles tipiko eta topikotzat jo dute. Prentsa horiaren kroniketan beti aipatu da gozatu zuela ehizaz, zaldiez, zakurrez, Eskoziako gazteluez eta emakumeez; ezkutuko bikote egonkor samarrak zituela ere sarri aipatu izan da.