argia.eus
INPRIMATU
Edesaren Basauriko fabrika lekualdatu dezakeela jakinarazi du Catak
  • 200 enplegutik 65 mantenduko dituela iragarri du enpresa kataluniarrak, baina ez du konfirmatu fabrikak Basaurin jarraituko duen ala ez. Izan ere, Cata Edesaren marka eta makineriaren jabea da, baina ez ordea pabiloi eta bulegoena.

Judith Perez @judyjudd 2014ko irailaren 18a
Edesako langileak, otsailean egindako agerraldi batean (argazkia: Jordi Alemany)

Instalazioak enkantean atera daitezke urtea bukatu baino lehen. Catak orduan eskaintza egin dezake horiek eskuratzeko, edo eraikinak alokatu jabe berriari, betiere honek beste proiekturen bat buruan ez badu.

Hirugarren aukera ere badago: CNA taldeak (Cataren jabea eta Fagorren aktiboen esleipenduna) eraikinei uko egitea eta Edesa EAEn erosi duten beste planta batera eramatea; Eskoriatzara, Garagartzara edo Bergarara.

Basaurik lan- eta ekonomia-eragile nagusienetarikoa galduko luke Edesa beste leku batera eramango balute. CNAk Basaurin jarduera mantentzeko intentzioa duela iragarri du, baina ez du xehetasun gehiagorik eman.

“Zehaztasun eza”

Edesako langileen beldur nagusia da Catak fabrika eraistea eta beste leku batera eramatea, eta behin baino gehiagotan salatu dute talde kataluniarraren “zehaztasun eza” beren asmoei buruz. “Produkzioa Basauritik eraman zezaketen zurrumurruak zeuden aspalditik, eta antza denez egia da”, adierazi dio Edesako langile batek EFE agentziari.