argia.eus
INPRIMATU
Ebroren emaria, estatu afera Kataluniako independentistentzat
  • “Emaririk gabeko Ebro Deltaren heriotza da” lelopean, milaka pertsonak hartu zuten parte Ebroren Arroko plan hidrologikoaren aurka Ampostan (Tarragona) antolatutako manifestazioan, Llibertat webguneren arabera.

Ane Urkola Agirrezabala @irrikaz 2016ko otsailaren 08a
Milaka pertsonak hartu zuten parte Ebroren aldeko manifestazioan.

Kataluniako alderdi politiko guztiek egin zuten bat deialdiarekin, PPk eta Ciutadansek izan ezik. Alderdi politikoez gain, Ebroren aldeko Plataformak (PDE) eta Biltzar Nazional Katalanak (ANC) ere manifestazioan parte hartzeko deia egin zuten. ANCk 7.000 pertsona baino gehiago mobilizatu zituen, “Ura bizitza da” lelopean, Espainiako Estatuaren erasoetatik defenditzeko, eta beraien errekurtso propioak kudeatzeko eskubidea aldarrikatzeko.

Rajoyren erabakiak alerta eragin du

Mariano Rajoyren jarduneko Gobernuak urtarrilean onartu zuen Plan Hidrologikoak alarmak piztu ditu Deltan. Herritarrek eskatu dute ibaiaren azken zatiko emari minimoa handitzea. Espainiako Gobernuak ez die kasurik egin, eta 3.000 hektometro kubikotan ezarri du. Generalitateak eta PDEk adostu zuten emaria 5.871 eta 9.907 hektometro kubiko artekoa izatea.

PDEk salatu duenez, 5.500 hektometro kubiko baino gutxiagoko emari ekologikoa “kondena” izango litzateke: “Ur gutxiago ailegatuz gero, sedimentu gutxiago ailegatuko lirateke deltara, eta bere desagerpena bultzatuko luke horrek”, adierazi du Susanna Abella PDEko bozeramaileak.

Amparo Moreno Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko katedradunak manifestazioaren amaieran irakurritako manifestuan gogorarazi du ez dela “ingurumen arazoa soilik, baita arazo soziala eta ekonomikoa ere”, eta Europaren interbentzioa eskatu du beste plan bat egiteko. Manolo Tomás PDEko bozeramailea ere “errekurtso guztien beharraz” mintzatu da, eta Europar Batasunaren eta Kataluniako Gobernuaren interbentzio zuzena eskatu dute.

CUPek Generalitateari nurriak eskatu dizkio

Sergie Saladiék, CUPeko diputatuak, eskatu du Kataluniako Parlamentuak eta Gobernuak hausnartu dezatela uraren kudeaketaren arazoen inguruan, Ebroren inguruko aldarrikapen guztiak plan hidrologikoan barnebiltzeko, eta herrialdeen arteko enfrentamenduak saihesteko.

Saladiék adierazi du Kataluniako plan hidrologikoak ere ibaietako emaria txikiagotzea aurreikusten duela; horren aurrean, “gaur hemen defenditzen ari garen guztia errespetatzen duen kataluniar legedia egiteko gai izatea” aldarrikatu du.