Datorren igandetik aurrera, Europar Batasunera legez kanpo sartzen diren errefuxiatu guztiak Turkiara bidaliko dituzte.
Hori da EBko 28 estatu buruek eta Turkiako lehen ministroak ostiral honetan itxi duten akordioa. Adostutakoak talka egiten du EBren legediarekin, honek ez baitu baimentzen errefuxiatuen kanporatze kolektiborik. Bruselako agintariak egunak aritu izan dira oztopo hori gainditzeko legezko zirrikituen bila.
Horregatik, EBk aukera emango dio errefuxiatu bakoitzari legezko babes eskaera egin dezan, baina hau egin ondoren, automatikoki kanporatua izango da. Helegitea jarri ahal izango du orduan iheslariak, baina horrek ez du kanporatzea geldiaraziko.
Iheslariak, beraz, EBra sartu ahala –kasu honetan Greziatik– Turkiara birbidaliko dituzte, eta kanporatutako pertsona bakoitzagatik Turkiatik beste bat sartu ahal izango da legez EBra. Hala ere, eta oraindik akordioaren datu guztiak ezagutzen ez badira, EBk adierazi du jada 72.000 pertsona bakarrik hartuko lituzkeela.
Trukean, Turkia EBko kide izateko daramatzan negoziazio luze eta zailak malgutuko ditu Bruselak. Esaterako, Turkiako herritarrak EBra sartzeko bisen liberalizazioa datorren ekainera aurreratuko da; aurrekontu eta finantzen negoziazio atala irekiko da; eta Turkiak 6.000 milioi euro jasoko ditu errefuxiatuak berriz jasotzeagatik. Turkiak gaur egun, 2’5-3 milioi errefuxiatu hartzen ditu jada, bertako gobernuaren esanetan.
Beste hainbat itunen artean EBk Genevako Hitzarmena bete behar du eta, amarruak-amarru, ez dago batere argi Turkiarekin adostutakoa honekin bat datorren. Funtsean, nazioarteko legediak ez du baimentzen errefuxiatuen kanporatze kolektiborik, baina banakakoak direnean ere, babestuko lituzkeen hirugarren estatua –kasu honetan Turkiak– leku segurua izan beharko luke haientzat. Turkiak segurtasun hori eskaintzen duen oso zalantzan dago: besteak beste, kurduen gutxiengoarekiko zapalketa hor dago, oraintsu hartu berri du asaltoz Turkiako egunkari garrantzitsuenaren egoitza, eta giza eskubideak ere airean daude guztiz.
Amnistia Internazionalek gogor salatu du akordioa. Bere webguneak irakur daitezke akordioaren aurka agertzeko dituen arrazoiak.