argia.eus
INPRIMATU
EBk 125 milioiz lagunduko ditu nekazariak Errusiaren blokeoagatiko galerak konpentsatzeko
  • Europako Batzordeak 125 milioi euroko diru-laguntza emango die Errusiako blokeoagatik kaltetutako fruta eta barazki ekoizleei. “Larrialdiko” neurria da eta atzeraeraginezko izaera izango du. Diru-laguntzak azaroaren amaierara arte emango dituzte.

Judith Perez @judyjudd 2014ko abuztuaren 19a
Janaria jasotzeko ilara, Luhansk eskualdean (argazkia: Juri Kotxetkov / EFE)

Errusia futa eta barazki askoren esportazioen merkatua zen EBko inportazioei urtebeteko blokeoa iragarri zutenean. Ondorioz, “ehunka merkatu blokeoaren ondorioak nabaritzen” hasi direla iragarri du Europako Batzordeak.

Diru-laguntzen zatirik handiena elikagaiak erosi eta doako banaketa guneetara eramateko bideratuko da. Izan ere, kenduko dituzten frutak eta barazkiak sasoikoak dira, eta ez dago aukerarik merkatu alternatiborik bat bilatzeko elikagaiak hondatu baino lehen. Uztak ez jasotzeagatik edo heldu aurretik jaso baharragatik ere konpentsazioak jasoko dituzte nekazariek.

Errusiaren betoak fruta eta barazki hauetan du eragina, besteak beste: perretxikoak, azenarioak, aza zuria, azalorea, tomateak, piperrak, sagarrak, mahatsak, kiwiak eta fruitu gorriak.

EBk adierazi du diru-laguntzak ez direla estatuka banatuko, neurriaren helburua “europar merkatuko prezioak mantetentzea” delako. Ekoizleen elkarteek erabakiko dute produktu bakoitzak zer prezio duen eta zer kendu behar den merkatutik, eta laguntza handiagoa izango da doan banatuko diren elikagaientzat . Hala ere, diru-laguntzak kalteak nozitutako nekazari guztiek jasoko dituzte, elkarteen kide izan ala ez.