Transgenikoen eztabaidan, haien aldekoek argudiatu ohi dute ez dagoela ebidentzia zientifikorik frogatzeko genetikoki aldatutako gaiak osasunerako kaltegarriak direla. Bost ikerketak ebidentzia zientifiko horiek erakutsi dituzte. Transgenikoen eta haiekin lotutako pestiziden arriskuak benetakoak direla frogatu eta laborantza organikoaren abantailak nabarmendu dituzte.
Ondorengoak dira argitaratutako ikerlanak:
1- Roundup Monsantoren belar-pozoiaren eta giltzurruneko gaixotasun baten arteko loturak aurkitu dituzte. Gaixotasuna kronikoa eta hilgarria da. Adituen esanetan ongarri kimikoa Rounduparekin nahastea izan daiteke Hego Amerikako nekazal guneetako milaka heriotzaren arrazoia. International Journal of Environmental Research and Public Health aldizkarian otsailaren 14an argitaratu den ikerketatik atera dira ondorio horiek.
2- Roundupa lurrean eta airean gelditzen da. Produktu horrek kutsatutako lekuetan bizi den pertsonak egunero 27,5 nanogramo glifosato arnasten du, intoxikazio larriak eragin ditzake horrek Setac elkarteak argitaratzen duen ET&C aldizkarian otsailean agertutako ikerketen arabera.
3- Joan den hilabetean argitaratutako AEBetako Nekazaritza Departamenduaren txosten baten arabera, transgenikoen erabilerak pestizida eta herbizida gehiagoren premia sortu du. Departamendu hori transgenikoen alde agertu izan den arren, ikerlari independenteek frogatu dute genetikoki aldatutako haziak erabiltzeak ez dituela irabazi ekonomikoak ekartzen.
4- BioMed Research International aldizkariak duela aste batzuk baieztatu zuen askok lehenagotik zeukaten beldurra: pestizidak uste baino arriskutsuagoak dira. Caengo (Frantzia) Unibertsitateko ikerlariek frogatu dute belar-pozoiak bereziki arriskutsu bihurtzen direla beste produktu kimiko batzuekin nahastean. Zenbait ikerketaren ondoren Monsantoren Roundupa aztertutako produktuen artean toxikoena dela frogatu da.
5- Garapen eta Harremanerako Nazio Batuen Batzordeak, 60 aditu baino gehiagorekin, “Esnatu berandu baino lehen” izeneko ikerketa argitaratu du. Txosten horretan adierazten da maila txikiko nekazaritza organikoa dela munduko elikadura osasungarri eta zabala bermatzeko modu bakarra. Nekazaritza jasangarri eta iraunkorrerako lurra erabiltzeko moduak aldatu eta truke globaleko arauak eraldatzea ezinbestekoa dela baieztatu dute adituek.