argia.eus
INPRIMATU
EBBk hauteskunde zerrendatik kanpo utzi ditu Tapia, Bildarratz, Egibar eta Erkoreka, besteak beste
  • Egungo gobernutik Nerea Melgosak soilik jarraituko du 2024ko hautagai-zerrendetan.

Mattin Azpiroz Pagola 2023ko abenduaren 12a

EAJren Euzkadi Buru Batzarra aldaketa esanguratsuak egiten ari da 2024ko EAEko haustekundeetarako hautagai-zerrendetan. Zerrendetatik kanpo geratu dira egungo lehendakariorde eta Segurtasun sailburu Josu Erkoreka, 2005etik Legebiltzarreko bozeramaile Joseba Egibar, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburu Arantxa Tapia eta Araba Buru Batzarreko presidente Jose Antonio Suso.

Araba ordezkatuko duen Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Nerea Melgosak izan ezik, egungo gobernuko inork ez du jarraituko zerrendetan, esaterako, kanpoan geratuko dira Bingen Zupiria, Olatz Garamendi, Gotzone Sagardui, Jokin Bildarratz eta Pedro Azpiazu.

Bestalde, Arabako zerrendetan sartuko da Laudioko alkate ohi Ander Añibarro, eta Gipuzkoako zerrendetan jarraituko dute Legebiltzarreko presidente Bakartxo Tejeriak eta Gipuzkoako ahaldun nagusi ohi Markel Olanok.

Hautagai-zerrenda ez dago erabat osatuta. EAJren oinarriei izenak aurkeztuko zaizkie bozka dezaten, eta proposamenak iradokitzeko aukera dago. EBBk izen posibleen %60 aurkeztuko du, eta Batzar Nazionalean zehaztuko dute behin betiko zerrenda urtarrilaren 27an.

2024ko EAEko hauteskundeetarako EAJren hautagai nagusia Imanol Pradales izango da. Bizkaiko zerrendaburu izatea erabaki du, egungo lehendakari Iñigo Urkullu aurreko hauteskundeetan Araban aurkeztu bazen ere. Pradalesekin batera izango dira Jon Aiartza, Jon Andoni Atutxa, Mikel Aruabarrena eta Maitane Ipiñazar parlamentariak.