EB-Turkia hitzarmenaren biktimak sei hilabeteren ondoren

  • 2016ko martxoaren 18an, Europar Batasunaren eta Turkiaren arteko akordioa onartu zuten 28 herrialdeetako buruzagiek, etorkinen olatua geratu nahian. Horren arabera, Siriako gerratik ihesi zihoazenek bakarrik jasoko zuten errefuxiatu estatusa. Afganistanen eta Iraken talibanengandik ihesi edo Nigeriako Boko Haramen atzaparretatik ihesi doazenei ukatuz.


2016ko irailaren 20an - 09:44
Ume batek bere familiari dagokion janaria jaso eta Dipetheko kanpamentu barrura darama.

Lortu zuten, etorkinen zenbatekoa murriztu zen. Turkiako itsas-armada eta EBeko mugen zaintza koordinatzen duen Frontex erakundea lanean aritu ziren ahalik eta etorkin gehien bueltatzeko Turkiako lurretara. Oraindik ere milaka lagun daude herrialde horretako kostaldean itsasoa zeharkatzeko une egokiaren zain, beste batzuek Mediterraneoa zeharkatzeko erabakia hartu dute.

Abeer Yaseen eskuinean. Emakume siriarrek gogor jasan dituzte EB-Turkia hitzarmenaren ondorioak.

Abeer Yaseem (43), andre siriarrak ondo ezagutzen ditu akordioaren ondorioak. Latakian jaio eta Damaskon ikasi eta bizi izan zen gerraren hasierara arte bere senar eta lau alabekin. 2014az geroztik senarra desagertuta dago. Latakiara bueltatu ziren ama eta lau alabak. Urtebete igaro ondoren, Istanbulen bizitzen saiatu ziren, baina egonkortasuna ezin aurkituta alabak amonarekin utzi zituen Istanbulen eta 2016ko otsailean Greziako Lesbosera abiatu zen. Mazedoniako mugara iritsi zenean, GKE bateko mediku norvegiar batek eskatu zion arabiar-ingeles itzultzaile moduan laguntzeko. Iritsi zenean mugak irekita zeuden eta pasatzeko aukera zuen, baina itzultzaile lanetan laguntzen geratzea erabaki zuen bi astez. Akordioa sinatu eta mugak itxi ziren.

Drop In The Ocean GKE norvegiarrarekin jarri zuten harremanetan Chiosen. Medikuak, familia, etxebizitza eta lanpostua lortu zizkioten Norvegian, baina prozesu burokratikoak ia bost hilabete eman ditu. Orain, bere harrera familiarekin dago Norvegian. Iragana berreskuratzeko zailtasunen aurrean, etorkizunari begira dago Abeer, familiarekin noiz elkartuko zain.

Chios uhartea

Hiru kanpamentu nagusi daude. Bi kanpamentu irekiek Souda eta Dipethe, Chios hiriaren zentroan daude eta 1.100 eta 500 errefuxiatu inguru dituzte. GKEek eta UNHCR erakundeak kudeatzen dute eta errefuxiatuak antolatuta daude kanpamentuaren mantenurako.

Vial kanpamentu militarizatua da, Gobernuak kudeatzen du. Osasungintza eta janaria erakunde pribatuen esku daude gobernuaren donazioak beren erara kudeatuz. 1.200 errefuxiatu inguru bizi dira. Errepresio, irain eta eraso salaketak ugariak dira.

Abdullahk sei hilabete daramatza oihal-denda batean bizitzen bere anaiarekin batera.

Souda kanpamentuan bizi da Abdullah Alkem (25 urte, Palmira) bere anaia Mahmoodekin batera bi pertsonentzako kanpin batean martxoaren 20tik hona. Gerra hasi zenean amaitu berri zituen erizain ikasketak praktikan jarri zituen, lau urtez gerrako biktimei lagunduz. 2015eko maiatzean ISISek bere jaioterria, Palmira herri zaharra, menpean hartu zuen. Ihes egin zuen, anaia bat eta gurasoak Homs hirian utziz, beste bi anaia Idleb hirian, Turkiako mugan, eta beste anaia Libanoko errefuxiatu kanpamentuan. Beste 38 lagunekin batera gose greba abiatu zuen kanpamenduko bizi baldintzak hobetzeko, hiru asteren ondoren utzi egin behar izan zuen. Uztailaren 14an babes eskaera egin zuen. Erantzunaren zain jarraitzen du.

Abdullahren antzera milaka etorkin geratu dira ez aurrera ez atzera uharte greziarretan. Harrapaturik, gerra batetik ihesi, familia eta lana atzean utziz, bizitza duin baten bila kilometroak egin, mafiei ordaindu, Turkiako Gobernuaren atzaparretatik ihes egin eta irla bateko kanpamentuan isolaturik geratzeko. Gerra amaitu edo Europako agintariek erabaki bat hartzeko zain.

Ume bat Soudako kanpamentuko barrakoien artean jolasean.
Familia bakoitzak paper bat du eta hor senide kopurua agertzen da. Gosari, bazkari eta afarietan erakutsi behar dute.
Emakume siriar bat janari banaketari begira arreta handiz.
Familia batzuek tea edo janaria prestatzen dute hondartzako su inprobisatuetan.
Siriako bi gizon hauek osasun arazoekin herria utzi eta bidai luzeari ekin zioten.
Honelako baltsetan iristen dira. 40-50 pertsona ontzi bakoitzean.
Itsasoan Frontex-eko ontzia Turkiako eta Greziako uren artean.
Goiz hartan hiru baltsa bete lagun iritsi ziren Chioseko hondartzara.
Afganistango gazte talde bat ACNURek emandako kanpamentua montatzen.
Zaporeak proiektuko boluntario batzuk Siriako familia batekin batera. Familiak Alemaniara iristea lortu du.
Zaporeak proiektu donostiarra janaria jaso, prestatu eta banatzeaz arduratzen da Vial eta Dipethe kanpamentuetan.
Siriako familia bat Dipethe kanpamentuan, Zaporeak proiektuak prestatutako janariaz gozatzen.
25 egun iraun zuen gose grebaren irudia. Errefuxiatuen egoera hobetzea eta Gobernuaren laguntza eskatzen zuten. Sute baten ondorioz amaitu zuten greba ekainean.
Soudako kanpamentua. Chios.
Umeak Souda kanpamentuaren aurrean dagoen ontzi batean jolasten.
Afganistango gizon bat Vial kanpamentuaren barruan. Chios.
Afganistango gazte talde bat Vial kanpamentuan.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Errefuxiatu krisi globala
Migratzaileei sarrera gogortzeko ituna onartu du Europako Parlamentuak

Europar Batasunean migrazio politika gogorragoa ezartzeko ituna onartu du euroganberak, zortzi urtetako negoziazioen ondoren. Hala, eskuin-muturraren ideiei men egin eta arau baztertzaileak erabili ahal izango dituzte hemendik aurrera herrialdeek, kontrola areagotzeko eta... [+]


2024-02-29 | Euskal Irratiak
Otsailean 600 migratzaile lagundu ditu Irungo Harrera Sareak

Migratzaileen kopurua anitz emendatu da Irun eta Hendaia arteko pasabidean. Irungo Harrera Sareak ohartarazi duenez, otsailean 600 pertsona lagundu dituzte, iaz, urte osoan 2.700 izan zirelarik. Iragan urtarrilean, 2.700 etorkin heldu dira Kanariar Uharteetara, egunero 80... [+]


Egunean hemezortzi migratzaile hil ziren bataz beste iaz Espainiako Estatura iristeko ahaleginetan

Caminando Fronteras gobernuz kanpoko erakundeak “Monitoreo Derecho a la Vida” txostenaren edizio berrian egindako balantzea da: 6.618 hildako izan dira mendebaldeko Muga Euroafrikarrean; horien artean, 384 haur.


2023-09-29 | ARGIA
Frantziako Gobernuak Bidasoako muga ixtea ez dela zilegi berretsi du Europako Auzitegiak

Europako Justizia Auzitegiak (EBJA) erabakia hartu du mugako barne-kontrolak berrezartzeko Frantziako Gobernuaren politikari buruz. Bidasoaren mugan ohikoak diren zenbait praktika. hala nola muga igarotzeko debekuak eta berehalako itzulketak, ez direla legearen araberakoak... [+]


Hil gaitzazue

2021eko abuztuaren 15ean, talibanek Kabul mendean hartu zutenean, milaka afganiar ihes egiten saiatu ziren. Soilik hilabete hartan, 35.000 pertsona baino gehiagok zeharkatu zuten Pakistango muga, eta 2022. urtea hasi orduko 145.000 ziren beste aldean. Aldiz, gertakari horien... [+]


Eguneraketa berriak daude