Uda sasoian hamalau egunetan baino ez dute medikurik izan herrian, “inoiz baino jende gehiago” biltzen den egunetan, hain zuzen. Osakidetza “gainbeheran” dagoela salatu du udalak, eta herritarrak mobilizatzera deitu ditu.
Ean (Bizkaia) ez da albiste mediku falta: sarritan salatu dute beraiei dagokien osasun etxean, Lekeitiokoan, zerbitzuak falta direla. Oraingoan, aldiz, egoera “are gehiago” okertu dela salatu dute eta Arartekoarengana joatea erabaki du udalak. Izan ere, udako hilabeteetan hamalau egunez soilik egon da medikua: bost uztailean eta bederatzi abuztuan. Are, iraileko lehen hamabostaldian ere medikurik izan ez dutela gehitu dute. Egoera horrela, Arartekoaz gain, herritarrengana ere zuzendu da udala: osasun eskubideen alde mobilizatu daitezen deia luzatu die.
"Hainbat urte daramatzagu herrian eta Lekeitioko anbulatorioan Osakidetzaren gainbeheraren lekuko izaten", adierazi du Eako Udalak. Salatu du “ohikoa” bihurtzen ari dela mediku falta, edo bajan edo baimenarekin daudenak ez ordezkatzea. Horren eraginak nabarmenak dira herritarrengan, udalaren esanetan: “Gaixoen osasun egoerak okerrarazi eta hil ala bizikoak izan daitezkeen gaixotasunen diagnostikoa atzeratzea eragin dezake”. Eta bajan dauden medikuei begira, estres egoerak bizi dituztela ere azaldu du udalak, egoera ikusita, baja eskubideari “muzin” egitera behartuta sentitu baitaitezke.
Udalak herritarrei mobilizatzeko deia zabaldu die, eta gogorarazi du gaiaren inguruan sarri mobilizatu izan direla, inguruko beste herri batzuekin batera. Hain zuzen ere, Lekeitioko, Ispasterko, Mendexako, Amorotoko, Gizaburuagako eta Aulestiko herritarrekin batera mobilizatu izan dira osasun zerbitzuko murrizketak salatzeko. Herriotako udalek ere egin dituzte adierazpenak, eta Osasun Sailarekin ere bildu izan dira. Eako Udalak salatu du Gotzone Sagardui Osasun sailburu ohiak ukatu egin zuela Osakidetzan murrizketak zeudela, eta ez ziela soluziorik eskaini.
Osasun aseguru pribatuak, gora
Egoera guzti horren B aldeaz ohartarazi du Eako Udalak: osasungintza pribatuko erabiltzaileen igoera. Eustateko datuetara jo eta azaldu du 2015etik 2023ra %23 hazi dela osasun aseguru pribatua duten bizkaitarren kopurua, eta gehitu du: “Pentsatzekoa da azken bi urteetan ere joera mantendu edo nabarmendu egingo zela”. Joera horrek “desberdinkeria” areagotzen duela dio udalak, eta osasungintza publikoa “are gehiago ahuldu eta estigmatizatuko” duela. Herri txikietan are gehiago eragin dezakeela dio, osasungintza “errentagarritasunaren arabera” neurtuta, osasun arreta jasotzeko orduan, herritarrek lekualdatu egin beharko baitute.