argia.eus
INPRIMATU
EAko idazkari nagusi hautatu dute berriz Urizar
  • Pello Urizar hautatu dute berriz EAko idazkari nagusi Barañainen egin duten Kongresu Nazionalean. 268 aldeko boto, 13 abstentzio eta kontrako bakarra izan ditu aurkeztu den hautagai bakarrak.

Martin Vicioso @martinvicioso 2013ko maiatzaren 20a
Pello Urizar EAko idazkari nagusi berretsi dute (Argazkia: EA Argentina)

Ezker Abertzalearekin, Aralarrekin eta Alternatibarekin batera osatzen duten EH Bildu koalizioaren aldeko apustua berretsi du Urizarrek. Kongresuko itxiera egunean bertan izan ziren koaliziokide dituen Txelui Moreno, Pernando Barrena, Asun Fernandez de Garaialde eta Laura Mintegi, besteak beste.

Bizikidetza eta Giza Eskubideen idazkaritza orokorra eratu dute lehen aldiz EAn. Alberto Unamunzagak zuzenduko du atala.

Urizarrek azpimarratu du “bide subiranistan teoriatik praktikara pasatzeko garaia” dela, eta independentziarantz aldebakarreko urratsak emateko garaia dela. EAko idazkari nagusiaren ustez, gizartearekin eta bi estatuekin adostutako bidea jorratzea litzateke aproposena.

Frantziako eta Espainiako Estatuek erakusten duten kontrako jarrera aipatu du Urizarrek. Hala ere, uste du gehiengo sozialaren presioak autodeterminazioaren bidea onartzera eramango dituela.

Garak egindako elkarrizketan berretsi berria den idazkari nagusiak  2009tik honako ibilbidea gogoratu du. EAk EH Bilduren barnean duen papera goratu du, eta ez du uste Ezker Abertzaleak irentsi dituenik. Bere ustez koalizio plurala da, eta “geroz eta jende gehiagorengana ari da iristen”.