argia.eus
INPRIMATU
Alderdiarekin "zerikusirik" ez duela frogatzen du De Miguel auziaren epaiak, EAJren ustez
  • Kondenatutako alderdikideak kanporatzeko prozedura abian jarriko du EAJk, epai irmoa eskutan. Etikaren aurkako portaerak EAJren “praktika eta asmoetatik” kanpo daudela “aldarrikatu” du.

Zigor Olabarria Oleaga @zoleaga1 2023ko urtarrilaren 10a
EAJren egoitza nagusia, Bilbon. Argazkia: wikipedia

Oharra kaleratu du Eusko Alderdi Jeltzaleak, Espainiako Auzitegi Gorenak De Miguel auzian Arabako Auzitegi Nazionalak ezarritako zigorrak oro har berretsi ostean. Auto judiziala “onartu” egiten duela adieraztearekin batera “aldarrikatu” du, “etikoki gaitzesgarria den edozein praktika, herritarren zerbitzura lan egiteko helburuaren kontrakoa dena, Euzko Alderdi Jeltzalearen praktika eta asmoetatik kanpo dagoela”.

Alderdiak zerikusirik ez

EAJren ustetan Gorenaren epaiak “abala” ematen dio alderdiaren inozentziari, frogatuko bailuke, “kasu honek ez duela zerikusirik EAJ-PNVrekin, alderdi politiko gisa, ezta bere finantzaketarekin ere. Ez ahozko epaiketaren irekiera autoan, ezta Arabako Probintziako Entzutegiaren epaian, ezta Auzitegi Gorenaren epaian ere ez baita gai honi buruzko erreferentziarik egin”. Halaber, alderdiaren kide diren “milaka emakume eta gizonei” babesa adierazi die EAJk, beren “zintzotasuna” eta “garbitasuna” aldarrikatuz.

Gorenaren epaiak frogatutzat ematen du auziko hiru akusatu nagusiek EAJn eta administrazio publikoan zituzten ardurak eta kontaktuak erabili zituztela beren burua aberasteko: “Hiru akusatuak, baliatuz Eusko Alderdi Jeltzalearen Arabako exekutibako kide gisa zuten eragin politikorako gaitasuna, eta erkidego zein udal mailako administrazioan postu garrantzitsuak zituzten pertsonekiko laguntasun politikoa, hitzartu egin ziren administrazioko erakunde jakin batzuek komisio bat ordaintzeko prest zeuden enpresaburuei obra edo zerbitzu kontratuak esleitzea bultzatzeko”.

Barkamena

Edonola dela, EAJk gogoratu du 2019an, Arabako Auzitegi Nagusiaren kondenak ezagutu ostean, Andoni Ortuzar EBBko presidentea eta Iñigo Urkullu lehendakariak barkamena eskatu ziotela euskal gizarteari, “orduan epaitu ziren jokaerengatik”. Berretsi egin du barkamen eskaera hori EAJk, “euskal gizarte osoaren aurrean”.

Kanporatze prozedura

2010eko martxoan auzipetutako alderdikideei ardura publikoak zein barne mailakoak kendu zitzaizkiela eta “alderdikidetza eten” zitzaiela gogoratu du EAJk, eta gaurdanik kanporatze prozesua abiatuko duela ziurtatu du: “Epaia irmoa den aldetik, Alderditik kanporatzeko behin betiko espedientea gauzatuko da dagokion barne epaimahaiaren aurrean eta indarrean dauden Estatutuetan jasotzen dena betez”.