argia.eus
INPRIMATU
Etxebizitza lege proiektuak “merkatu interesei” erantzuten diela salatu dute EH Bilduk, Sumarrek eta ELAk
  • Eusko Legebiltzarrean tramitazioan den etxebizitza legeari aukera berri bat txertatu diote EAJk eta PSE-EEk. Hala, Jaurlaritzaren arabera, testuak gazteentzako etxebizitza publikoen eskaintza “hirukoiztea” ahalbidetuko du, baina oposizioko alderdi eta sindikatuek —EH Bildu, Sumar eta ELA, nagusiki— salatu dute legeak ez diola etxebizitzaren arazoari benetako irtenbiderik emango, eta “merkatuaren logika eta espekulazio-interesak” indartzen dituela ohartarazi dute.

     

Ekain Carrasco Tellaetxe 2025eko urriaren 29a

2025eko ekainaren 26ean EAJk eta PSE-EEk “etxebizitza, lurzoru eta hirigintza arloko premiazko neurriei buruzko” legea tramitera onartu zuten Eusko Legebiltzarrean, lege proposamena eztabaidatu eta bozkatu ostean. Bi alderdien artean gehiengoa dute ganberan eta aurrera egin zuen proposamenak; orain, lege bilakatzeko bidean da. Aldiz, aurka bozkatu zuten Sumarrek eta EH Bilduk. Bi alderdi horiek bide beretik argudiatu zuten: legeak ez duela etxebizitzaren arazoa konponduko eta "merkatu-interes espekulatzaileak" sustatuko dituela. 

Iragan astean, Denis Itxaso Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda sailburuak, martxoan iragarri bezala, aukera berri bat txertatu zuen oraindik izapidetzen ari den lege horretan: etxe babestuen eraikinetan solairu gehiago eraikitzeko neurria. Jaurlaritzaren kalkuluen arabera, 2.000 etxe egiteko aukera emango du neurri horrek. Denera 65 etxebizitza eraikin egokituko dituzte, eta ondorioz, “hirukoiztu” egingo da gazteei zuzendutako etxebizitza publikoen kopurua, Itxasoren hitzetan. Gaineratu zuen, eraikuntza modu “jasangarriak” erabiliko dituztela, zurezko moduluak erabilita. 

Etxebizitza babestuak %75etik %60ra

Astelehenean, etxebizitzaren lege proposamenari zuzenketak aurkezteko epean, EH Bilduk 47 erregistratu ditu. Horietan, lege proposamenak “ezkutatzen” dituenak zuzentzeko asmoa erakutsi du. Koalizio abertzalearen arabera, legean aukera ematen da udalek etxebizitza sustapen pribatu berri bakoitzean sartu beharko etxebizitza babestuen ehunekoa murrizteko, egungo %75etik  %60ra, eta alokairura bideratutakoa %20 izateko lurzoru urbanizagarrian eta %10 hiri lurzoruan. Horren aurrean, EH Bilduk proposatu du etxebizitza babestuen %75 mantentzea, eta erdia, hau da, %37,5 gutxienez alokairurako izatea lurzoru urbanizagarrian, eta %20 hiri-lurzoruan.

Horren harira, koalizioak kritikatu du lege-proposamenaren helburua ez dela “etxebizitza-parke publikoa nabarmen handitzea”, ezta sektorean “esku-hartze publikoa indartzea” ere, baizik eta pentsatuta dagoela "sustatzaile pribatuei errentagarritasun handiagoa" bermatzeko. Aipatutako zuzenketak erregistratzeko epea behin amaituta, ekarpen horiek batzorde txostengile batean eztabaidatuko dira. Batzorde horrek txostena osatu, eta, ondoren, osoko bilkura batean eztabaidatu eta bozkatuko da. Osoko bilkura horretan, legea onartzea aurreikusten da, EAJk eta PSEk Eusko Legebiltzarrean duten gehiengoa dela-eta.

EAJren eta PSE-EEren lege proposamenak izan ditu kontrako iritziak Legebiltzarretik kanpo ere. ELAk  astelehenean egindako agerraldian adierazi du ez dela “nahikoa” higiezinen krisiari aurre egiteko. Salatu dute proposameneko neurriek “merkatuaren logika” jarraitzen dutela, eta ez diotela egungo egoerari erantzuten. Era berean, sindikatuak eskatu du legea bertan behera uzteko, BPGren %2 etxebizitza politiketarako jartzeko, eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa osoa tentsio handiko eremu izendatzeko. “Jaurlaritzak etxebizitza espekulatzeko tresna bilakatu du, eta ez eskubide, legeak zehazten duen bezala”, gaineratu dute.