argia.eus
INPRIMATU
Markel Olano. Gipuzkoako Ahaldun Nagusia
“EAJn euskararekin konpromisoa duenak ahalegina egin behar du alderdi osoa inplikatzeko”
  • Euskalgintzaren eta instituzioen arteko elkarlanaren alde azaldu da Gipuzkoako Ahaldun Nagusi Markel Olano Berriari eskainiriko elkarrizketan. Azaldu du orain arte ez dela behar adinako konfiantzarik egon euskalgintzaren eta erakundeen artean, horri aurre egin nahian, hemendik aurrerako bidea elkarren artean adosteko prest azaldu da.

Iker Oñate Aiastui @iker_onate 2016ko martxoaren 14a
PSErekin ezadostasunak izan arren, ez dio muzin egingo Gure Esku Dagoko ekitaldietan parte hartzeko aukerari. (Arg: EAJ)

Abertzaletasuna eta hizkuntzaren arteko harremanaz ere mintzatu da Ahaldun Nagusia. “Ez dut neure burua abertzaletzat jotzen ez badaukat agenda finko bat euskararen normalizazioan”, dio. Normalizazioaren estrategiak bere mugak azaldu dituela gogorarazi eta horiek gainditzeko beharra azaldu du: “Anbizioz jokatzeko erabakia hartu behar dugu”. Hautu hori “etxe barruan” lantzeko konpromisoa hartu du: “EAJn euskarari buruz ikuspegi aurreratuagoa edo konpromiso berezia duen kolektiboak ahalegin bat egin behar du alderdi osoa inplikatzeko”.

Euskalgintzaren zereginaren garrantzia azpimarratu du Olanok: “Gerta daitezkeen liskar politikoak gainditzeko behar dugu gune autonomo bat Euskal Herrian, euskararen normalizazioari lehentasuna emango dion gune bat. Hor akuilu lana egin behar du, pizgarri lana, presioa zentzu onean”. Olanok geroz eta jende gehiago ikusten du “gune autonomo” horretan.

Gure Esku Dagoren inguruan ere mintzatu da Ahaldun Nagusia. Edozein urrats egin aurretik, “abertzaletasunaren inguruan sentsibilitate diferenteen” babesaren beharra dagoela iritzi du. Espainiako Estatutik eskumenei eraso egiten bazaie, horiek irmo defendatu behar direla adierazi du. Gai horretan PSErekin ezadostasunak dituen arren, ez du Gure Esku Dagoko ekitaldietan parte hartzen jarraitzeko aukera baztertu: “Badaukat ikuspegi instituzionala, eta alde horretatik instituzionalki jokatuko dut. Gero badaukat nire ikuspegi partikularra eta pribatua. Bateragarriak dira”.

Hondarribia eta Irunen alardeen gaiarekin piztu den liskarraz galdegin zaionean, bestalde, Markel Olanok ez du irtenbide argirik eskaini: “Oso ikuspegi diferenteak daude, muturrean daude. Nahi genuke esfortzu bat egin ikuspegiak bateratzen joateko eta konponbidea lortzeko guztien artean”.