argia.eus
INPRIMATU
EAJko senatari ohi Victor Bravoren aurkako epaiketa hasi da
  • Asteartean hasi da Bravoren aurkako epaiketa, ogasunari iruzur egitea leporatuta. Fiskaltzak sei urteko espetxe zigorra eta 1,4 milioiko isuna eskatzen ditu, Espainiako Estatuaren abokatuak bederatzi espetxe urte eta 1,8 milioi euro.

ARGIA @argia 2019ko irailaren 17a

Fiskaltzak salatu zuenetik hamar urtera hasiko da EAJko politikari ohi Victor Bravoren aurkako auzia, Donostiako Zigor-arloko lehen epaitegian. Asteartean, asteazkenean eta ostegunean egingo dira auzi-saioak. 2003 eta 2006 urteen artean, EAJko senataria zela, ogasunari egindako ustezko iruzurrengatik epaituko dute.

Fiskaltzaren arabera, Tarragonako Glass Costa Este Salou enpresaren egoitza fiskala Gipuzkoan ezarri eta abantaila fiskalak baliatuz egin zuten iruzurra Bravok eta haren sozio batek. Sozioaren Donostiako aholkularitza bulegoan ezarri zuen egoitza enpresak, hain zuzen ere, eta pertsona hori ere auzipetua dago. Glass Costa Este Salouk ez zuen jarduerarik Gipuzkoan.

Fiskaltzaren arabera, zerga gutxiago ordaintzearren soilik lekualdatu zuten enpresa. Iruzurragatik sei urteko espetxeko zigorra eskatzen du fiskaltzak Bravorentzat, eta bi auzipetuei 1,4 milioi euro bueltatzea Gipuzkoako Ogasunari (ustez lapurtutakoa, eta interesak). Espainiako Estatuaren abokatuak zigor handiagoak eskatzen ditu Bravorentzat. Besteren artean, erantzukizun handiagoa egozten dio lapurretan. Bederatzi urteko espetxe zigorra eta 1,8 milioiko isuna eskatzen ditu. Estatuaren abokatuak dio diru hori Estatuko Ogasunari bueltatu behar zaiola, ez Gipuzkoakoari.

Bravok bere aurkako karguak errefusatu ditu. Orain arte Javier Beramendi abokatuak defendatu du politikari ohia —besteak beste De Miguel auzian aritu da abokatu Beramendi—, baina epaiketan Bravok bere burua defendatuko du.

Ogasuna, senatua, dimisioa

1992tik 2003ra Gipuzkoako Ogasuneko zuzendari izan zen Victor Bravo. Ogasuna utzita, 2004an senatari lanean hasi zen EAJren ordezkari bezala. Irungo Ogasunean iruzur bat salatu eta jarraian dimisioa eman zuen Bravok, “ardura politikoa” argudiatuta. Irungo Ogasuneko arduradun nagusia bere anaia Jose María Bravo zen, eta orduan salatutako iruzurrengatik hamaika urteko espetxealdira zigortu zuten epaitegiek 2012an.