Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkari Carlos Urquijok karguan daramatzan bi urteetan euskal erakundeen aurkako 500 helegite baino gehiago aurkeztu dituela salatu zuen atzo Espainiako Senatuan Jokin Bidarraitz EAJko senatariak.
Urquijok auzitara eraman ditu zenbait udal, euskararen erabilera dela eta.
Mariano Rajoy Gobernu presidenteak Urquijoren jarrera babestu zuen asteartean Espainiako Senatuan: “Norbaitek babestu beharko ditu herritarrak”, adierazi zuen Rajoyk, Urquijori erreferentzia eginaz.
EAEko udalek euskararen erabileraren inguruan hartutako zenbait neurrik “legea urratu” dutela gehitu zuen presidenteak.
Rajoyren esanetan “erdaldunak diskriminatzen” ari dira udal horiek. Administrazioetan eta gobernuan “euskararen aurkako erasorik edo errespetu faltarik” ez dagoela eta bi hizkuntzekiko “aukera berdintasuna” egon behar dela uste du.
Jokin Bidarraitzek euskararen aurkako neurriak hartzen ari direla salatu eta galdera luzatu zion Rajoyri: “Noiz ezarriko dio gobernuak Urquijori euskara defendatzeko betebeharra?”.
Senatari jeltzaleak euskal herritarren %30ak euskaraz bizi nahi duela gehitu zuen eta Rajoyri hizkuntz egoera normalizatu dezala eskatu zion.