argia.eus
INPRIMATU
EAJk pentsioen inguruko akordioa galarazi duela salatu du EH Bilduk
  • Espainiako Kongresuak astearte honetan bozkatu du EH Bilduk pentsioak igotzeko egindako proposamena. Ez du aurrera egin, Espainiako Gobernua osatzen duten bi alderdiek eta EAJk abstentziora jo ondoren. Koalizio subiranistak salatu du jeltzaleek oztopatu egin dutela PSOErekin eta UPrekin itxita zegoen akordioa proposamenaren zuzenketa transakzional bat onartzeko.

ARGIA @argia 2020ko otsailaren 26a
Aitor Esteban diputatu jeltzalea Espainiako Kongresuan.

EAJk eta EH Bilduk Kongresuan dituzten talde parlamentarioek gaitzespen eta kritika ugari egin dizkiote elkarri astearte honetan, koalizio soberanistak gutxieneko pentsioen igoeraren alde aurkeztutako ekimen baten aurrean jeltzaleek hartu duten jarrera dela eta.

EH Bilduk pentsioei buruzko legez besteko proposamena eraman du Espainiako Kongresuaren osoko bilkurara, eta bozketak atzera bota du. Aldeko 24 boto baino ez ditu izan, horien artean ERCrenak eta EH Bildurenak. 167 abstentziorekin eta kontra agertu diren PP, Vox eta Cs-en botoekin proposamenak ez du aurrera egin.

Abstentzioa da PSOEk, Unidas Podemosek eta EAJk aukeratu duten aukera, zuzenketa transakzional bat adostu nahian arratsalde osoan negoziatu ostean. EH Bilduren arabera, akordioa lortua zegoen Espainiako Gobernua osatzen duten bi alderdien eta koalizio soberanistaren artean, baina EAJk ez du zuzenketa transakzional horren inguruko bozketa egiten utzi. "EAJren ezezko ulertezina" deitoratu du EH Bilduk. Jarrera hori "pentsiodunen eskubideak zabaltzearen" aurkakoa dela ere gaineratu du.

EH Bilduren bertsioari jarraiki, bertan behera geratu den zuzenketak planteatzen zuen gutxieneko pentsioak eta kotizazio gabeko pentsioak igotzea Europako Gutun Sozialaren irizpideen arabera. Era berean, "Gizarte Segurantzaren erregimen ekonomikoa euskal erakundeei transferitzeko" Espainiako Gobernuaren "konpromisoa" ezartzen zuen, baina EAJk "interes alderdikoiei" eman die lehentasuna koalizioaren arabera.

Aitor Esteban Espainiako Kongresuko jeltzaleen bozeramaileak azpimarratu du apirilaren 5ean egingo diren EAEko hauteskundeei begira egindako mugimendua dela EH Bildurena. Bere ustez, koalizioak "elektoralismoa" egin du astearte honetako proposamenarekin, "pentsio sistemaren iraunkortasuna eta pentsiodunak bezain gai delikatuarekin".

EAJko bozeramailearentzat, EH Bilduk auzitan eta "arriskuan" jarri du Gizarte Segurantzaren erregimen ekonomikoaren transferentzia. Kongresuko osoko bilkuran egindako eztabaidan gaineratu duenez, soberanistek baldar jokatu dute, dagoeneko Gernikako Estatutuan jasotako printzipioetako bat defendatu duelako: "Estatutuan dagoen eskubide bat ez da ganbera honetan bozkatzen", esan du Estebanek, transferentzia hori Estatuko eta EAEko administrazioen arteko elkarrizketan bideratuta dagoela gogoratu aurretik.