argia.eus
INPRIMATU
EAJk oxigenoa eman dio PPri, ez du aurkeztu aurrekontuen osoko zuzenketarik
  • EAJk jakinarazi du ez duela Espainiako Estatuko Aurrekontu Orokorren osoko zuzenketarik aurkeztuko. EH Bilduk, bestalde, osoko zuzenketa aurkeztu du, esanez desberdintasun soziala “betikotzen” duela.

Maddi Txintxurreta @mtxintxurreta 2018ko apirilaren 20a
EAJk oxigenoa eman dio PPri. (Argazkia: EAJ)

Euzkadi Buru Batzarrak (EBB) ohartarazi du zuzenketa ez aurkeztea ez dela PPk Aurrekontuak bideratzeko “txeke zuri” bat.

“Iaz sinatutako akordioak, hain onuragarria izan zena Euskadirentzat, ez du EAJ ezer egitera derrigortzen 2018ko Estatuko Aurrekontu Orokorren auzian”, idatzi dute. EBBek argudiatu du aurrekontuak ez zuzentzeak “155. artikuluaren indargabetzea ahalik eta azkarren” gertatzea ahalbidetuko duela.

EH Bilduren erantzuna

EH Bilduk 2018ko Estatuko Aurrekontuen Legearen osoko zuzenketa aurkeztu du ostegunean, pentsiodunen eskaerekin “bateraezinak” direlako. EH Bilduko diputatu Marian Beitialarrangoitiak salatu du 2018ko aurrekontuek desberdintasun soziala “betikotzen” dutela eta pentsiodunen aldarrikapenak “estaltzen” dituela prestazio baxuenen igoerarekin.

“Berpizte ekonomiko baten inguruan hitz egiten da, baina hau eskubideen galera argi batekin lagunduta badator, ez gaude egiazko errekuperazio baten aurrean”, baieztatu du.

EH Bilduk ohartarazi du aurtengo Aurrekontuek AHTren azpiegituren inbertsioak igoko dituztela, eta era berean, Defentsa, Errege-etxea edo zerbitzu sekretuen alde egingo dutela.

155. artikuluari erreferentzia eginez, Beitialarrangoitiak esan du PPren aurrekontuak babestea “irizpide autoritarioarekin jokatzen ari den” Gobernuaren alde egitea litzatekeela.